Ostegunean jarriko dituzte salgai ErrotaHerria kanpainako erosketa txartelak

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 11

Udaleko, Gertuko eta herriko saltokietako kideak, kanpainaren aurkezpenean. (Zumaiako Udala)

30 euroren truke 40 euroko balioa duten mila erosketa txartel jaurkiko dituzte udaberriko kanpaina honetan. Ekainaren 30era bitartean erabili ahal izango dira kanpainara atxikitutako herriko saltokietan.

Tokiko merkataritza sustatzea helburu duen ErrotaHerria egitasmoaren udaberriko kanpaina abiatuko dute aste honetan Zumaiako Udalak eta Gertu merkatarien elkarteak. Zumaiako saltokiei bultzada ematea du helburu kanpaina horrek, eta 40.000 euroko inpaktu zuzena izango duela aurreikusten dute haren sustatzaileek. 

Udaberriko kanpainan mila erosketa txartel jaurkiko dituzte. Txartel bakoitzaren en kostua 30 eurokoa izango da, baina balioa 40 eurokoa izango da kanpainara atxikituko diren saltokietan erabili ahal izateko. "Bonu bakoitza, gainera, 10 euroko balioa duten lau zatitan banatuta egongo da, erosketak modu malguagoan egin ahal izateko", adierazi dute kanpainaren sustatzaileek. 

Txartelak datorren ostegunetik aurrera izango dira salgai Zumaiako Turismo Bulegoan, agortu arte. Pertsonako, gehienez, bi erosketa txartel erosi ahal izango dira, erosketa bakarrean: txartel bat norberarentzat eta bigarren bat beste pertsona batentzat. Bultzatzaileen arabera, erosketa egiteko, beharrezkoa izango da NAaren originala, kopia edo argazkia aurkeztea. Aipatu txartelak 2026ko ekainaren 30era artean erabili ahal izango dira kanpainara atxikitako saltokietan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide