Eliteen munduko errekorrek eta balentriek soilik ez, lagun talde baten abentura lurtarrak ere merezi du leku bat mendizaletasunaren narratiban. Hori uste dute, bederen, Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen GR-11 ibilbidea elkarrekin osatu duten Idoia Alluek, Johanna Malhuendak, Bego Gonzalezek eta Elixabete Arbek. Horregatik, bidean bizitakoak eta ikasitakoak elkarbanatzen ari dira herriz herri GR-11, zeharkaldi bat baino gehiago aurkeztuz, eta horixe egin zuten joan den ostegunean Zumaiako Emakumeon Etxean Gonzalezek eta Arbek, haiek marraztutako urratsek gainerako emakume mendizaleei bidea erakuts dakiekeela sinetsita. Zeharkaldiaren askaerak, gainera, beste abentura bati eman dio bide: emakumeak mendian ahalduntzea helburu duen Elkarregaz izeneko proiektua sortu dute lau bizkaitarrek.
Mendizaletasunak soilik ez, kezka batek ere bultzatu zuen lauko taldea Pirinioetan barrena murgiltzera. Elkarrekin aritzen ziren eskalatzen Allue eta Arbe, eta konturatu ziren sarri gizonen laguntza behar izaten zutela horretarako. "Mendekotasuna genuela konturatu ginen, eta pentsatzen hasi ginen: zer egin dezakegu honi buelta emateko?", gogoratu zuen Arbek. Bada, aise aurkitu zuten erantzuna: formakuntza.
Alpinismoaren bueltako formakuntza saioetan ezagutu zuten Malhuenda; eta Gonzalez, berriz, Bizkaiko Mendizale Federazioak antolatutako emakumeen topaketa batean deskubritu zuten. Konektatu egin zuten, eta elkarrekin mendira joaten hasi ziren.
"2020an izan genuen GR-11 egiteko ideia. Pandemia garaian, lauzpabost emakume Benasquera (Espainia) joan ginen, Tuc de Mulleres tontorra igo genuen, eta emakume pila bat ikusi genituen GR-11 zeharkaldia egiten. Asko inspiratu ninduten. Hasieran, pentsatzen nuen: 'Ze ausartak!'. Baina gero, buelta eman nion pentsamolde horri: 'Guk ere egin genezake; datorren urtean egingo dugu'", kontatu zien Arbek Emakumeon Etxean hitzaldia aditzen zeuden herritarrei. Gutxira, Pirinioetako zeharkaldia prestatzen hasi ziren Arbe, Malhuenda, Gonzalez eta Allue.
Kantauri eta Mediterraneo itsasoak lotzen dituen GR-11kako 800 kilometroak denbora tarte desberdinetan eta "modu desordenatuan" egin zituzten lau bizkaitarrek eta etapa gehienetan bidelagun izan zituzten Eki, Lintza eta Aiur txakurrek.
2021ean hasi zuten abentura, eta garaiera gutxieneko bi etapak egin zituzten urte hartan, hots, Gipuzkoan lehena eta Gironan (Katalunia) azkena. 2022an mendebaldeko Pirinioetako zatia osatu zuten, 2023an erdialdeko Pirinioa, 2024an Andorrako etapak ibili zituzten, eta iaz egin zituzten zeharkaldia osatzeko geratzen zitzaizkien bi etapak, Lleida aldean (Katalunia). Ez zituzten etapa guztiak elkarrekin egin; Allue beranduago batu zen zeharkaldira, eta Malhuendak etapa batzuk galdu zituen, haurdun egon zelako. Horregatik, azken bi etapak laurek batera egitea berezia izan zen bizkaitarrentzat. Mendian gozatzea zen lagun taldearen helburua, eta filosofia horri eutsi zioten zeharkaldi osoan. "Ez gara eliteko kirolariak, gure helburua naturaz disfrutatzea zen. Etapak bukatu eta gero, ahal genuenetan, garagardo bat hartzen genuen", kontatu zuen Arbek.
Ibilbideko 800 kilometroetan, ez zuten aterpetxerik zapaldu apenas. Era autonomoan egin zuten zeharkaldia, kanpin dendatan lo eginez. Arbek Zumaian aitortu zuenez, janaren, kanpin denden, arroparen eta bestelakoen pisuaz gain, horrelako abentura bati buru egiteak eragiten zien beldurren zama ere bazeramaten bizkarrean hasieran. Baina ibilian-ibilian, ikasiz joan ziren, eta ikusi zuten zeharkaldia egiteko gai zirela. Horregatik, tontorrez tontor ahaldundu zirela ziurtatu zuten Gonzalezek eta Arbek: "Guretzat, GR-11 zeharkaldi bat baino gehiago izan da. Asko lotu gaitu, sentimenduak askatzeko espazio segurua izan da, bizitza erabat aldatu zaigu. Zeren... zeinen ona den gelditzea! Abiadura bizian goaz beti, pentsatzeko tartetik gabe. Zeharkaldian, oso barruan genituen ideiak eta emozioak askatu ditugu, eta lagunek egiten duten bezala, horietan guztietan sakondu dugu. Erabaki asko hartu ditugu GR-11n. Sortzeko tokia izan da, teknologia ahaztu eta paisaiari begiratzeko aukera eman digu. Barre eta negar egiteko momentuak izan ditugu. Mendizale gisa eta emakume gisa ahaldundu gara".
Elkarregaz proiektua
Pirinioetan egin zuten zeharkaldiaren zati bakoitza "poz-pozik eta oso ameslari" amaitzen zutela nabarmendu zuten Bizkaiko mendizaleek, eta sentsazio hori gainerako emakume mendizaleei kutsatzeko gogoz zeuden. Horregatik, Elkarregaz proiektua martxan jarri zuten.
Alpinismoko formakuntza saio praktikoak eskaintzen hasi dira, eta Zumaiako Emakumeon Etxean egin zuten bezala, GR-11n bizitakoa ezagutzera ematen ari dira, haien ibilbidearen gaineko kontakizuna beste emakume batzuentzako eredu izan daitekeelakoan. Kasurako, hainbat herritako mendi bazkunetara eraman dute GR-11, zeharkaldi bat baino gehiago hitzaldia, eta hori egitearen garrantzia nabarmendu zuten Zumaiako saioan. Izan ere, mendizale elkarteetan aritzen diren hizlari gehienak sekulako balentriak egin dituzten gizonak izan ohi dira, eta esperientzia lurtarragoei lekua egin behar zaiela iritzi dute Elkarregaz proiektua osatzen duten lau kideek. Tontorrerako bidea behetik hasten baita beti.