Sortuk herri batzarra deitu du larunbaterako Zumaian. Talde politikoak urtarrilean egindako IV. Kongresuan aurkeztu zituen gogoeta prozesu sakon baten ostean hartu dituen erabakiak, eta horiek herriz herri aurkezten ari da orain. Komentuan egingo dute Zumaiako batzarra, 10:00etan hasita.
Nazio mailako kongresuan hartutako erabakien berri emateaz gain, Sortuk garatu duen prozesuaren ondorengo faseaz gogoetatuko dute larunbateko herri batzarrean. Besteak beste, ezker independentismoaren indarra herri mailan zabaltzeaz, antolaketa moduez eta indartu beharreko alorrez ariko dira.
Ariketa hori ahalik eta osatuena izan dadin, "eremu desberdinetan askapen prozesuaren alde lanean ari diren kideekin" egin nahi du Sortuk, hori dela eta, batzarrean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.