Iñaki Rementeria Oiarzabal Debako bizilaguna hiru hamarkada baino gehiagoan aritu da fosilak eta septariak jasotzen. Urte horietan guztietan egindako behaketen emaitza da gaur Euskal Kostaldeko Geoparkeari egin dion dohaintza. Ehundik gora pieza palentologiko utzi ditu debarrak Geoparkearen eskutan, ondarea zaindu eta gizarteratzeko helburuarekin.
Debako turismo bulegoan egin dute gaur ekitaldia, eta, Rementeriarekin batera, Debako Udaleko eta Geoparkeko kideak egon dira, baita egunotan Geoparkearen ebaluazioa egiten ari diren Unescoko bi kideak ere.
Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilarioaren arabera, Rementeriak emandakoa “flysch osoan zehar dauden fosildutako bizi-formen bilduma oso interesgarria eta osoa da, hasi Mutrikuko eta Debako flysch beltzetik eta Zumaiaraino”, eta eskerrak eman dizkio "berak urtetan egindako lana Geoparkean uzteko konfiantza erakutsi duelako; erabilera ona emango diogula konfiantza izan dezan eskatu nahi diot gaur”.