2025-2026 ikasturtea amaitzear dutela, datorren udazkenetik aurrera abiatuko duten kurtsoan jarrita du mira Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak. Dagoeneko zabaldu dute 2026-2027 ikasturterako matrikulazioa Komentuan kokatutako eskolan. Eskaintzari dagokionez, ohiko ikastaroez gain, kurtso berrian lau tailer edo jarduera berri izango dituztela iragarri dute.
Musika tresnak, musika mintzaira, instrumentuak, dantza garaikideak eta euskal dantzak eskainiko dituzte datorren ikasturtean ere. Horiei, honako beste lau jarduerak gehituko dizkiete.
Musika tailer bereziak (+8)
- Ordubeteko saioa astean. Ikaslearen beharraren arabera, saioaz gain eskolako beste talde batean egoteko aukera egongo da, pertsonen arteko erlazioak eta sozializazioa sustatzeko.
- Norentzako: Behar bereziak dituzten pertsonei zuzendua.
- Helburuak: Musikak, komunikazio eta espresio bide izanik, garapen emozionala, soziala eta kognitiboan onurak ekartzen ditu.
Musika tailer bereziak (+65)
- Ordubeteko saioa astean.
- Norentzako: Etxean bakarrik sentitzen diren pertsonak, parkinsona edota narriadura kognitiboa duten pertsonak.
- Gizarte zerbitzu osoago bat eskaintzea, eguneroko dinamikatik at geratzen diren pertsonengana iritsiz.
- Helburuak: Gizarte babesik ez duten pertsonek dementzia arrisku haundiagoa dutela frogatu da azken urteetan, baita bakardadean eta ezagutza funtzionamendua urritzen doan neurrian ere. Musikak konektatzeko gaitasuna dauka, hurbiltzekoa, pertsonak pentsamendu eta sensazio positibo eta negatiboekin lotzekoa.
Abesbatza (9-16 urte)
- Ordubeteko saioa astean.
- Norentzako: Adin eta gaitasun desberdinetako ikasleentzat dago zuzenduta, esperientzia musikal bat eskainiz, elkarbizitza eta talde-lana sustatzen dituena. Musika eskolako ikasleez gain, herriko beste edonork parte hartu dezake, aurrez musika heziketarako sarbiderik ez badute izan ere, parte hartu nahi duenarentzat irekia.
- Helburuak: Jarduerak ez du bakarrik kantua jorratzen, lankidetza, elkar errespetatzea, adierazpen emozionala garatzea, diskriminaziorik gabeko gune batean, non denak ongietorriak izango dira.
Dantza garaikidea (12-18 urte)
- Astean ordu eta erdiko saioa.
- Helburuak: Dantza garaikidea ez dago lehiakortasunera bideratua. Helburua teknika perfektua baino, adierazpena eta prozesua dira, horregatik nerabeetan ondo funtzionatzen du. Gorputzaren kontzientzia eta kontrola, sormena, gorputzarekin erosoago egotea, estresaren kudeaketa, autokonfiantza, lankidetza, komunikazio ez berbala, eta abar.
Matrikulazioa
Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako 2026-2027 kurtsorako izen ematea dagoeneko zabalik dago. Orain arteko ikasleek bihar dute izena emateko azken eguna. Ikasle ez direnek, datorren astelehenetik hurrengo ostiralera, maiatzaren 18tik 25era izango dute izena emateko aukera.
Informazio gehiagora, eskolaren webgunea bisitatu daiteke: zumaiamusikaeskola.eus.