Bihar zabalduko dute izen ematea Nagusien Asteko jolasetarako

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 17a

Igel txapelketarako erabilitako tresna.

Karta jokoen, igel eta tokako txapelketak jokatuko dituzte Beheko Plaza elkarteko bazkideek. Izen ematea bihar zabalduko dute elkarteak Hogarrean duen bulegoan.

Nagusien Astea antolatu du Beheko Plaza jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak maiatzaren amaierarako. Hala, hilaren azken egunean, maiatzaren 31n, aurten 90 urte bete edo beteko dituzten zumaiarrak omenduko dituzte. 

Aurretik, karta jokoen eta igel eta tokako txapelketak jokatuko dituzte elkarteko bazkideek. Karta jokoetan, eskoba, mus, puntto eta tutean arituko dira, maiatzaren 25etik 28ra bitartean. Partidak 17:00etan hasiko dituzte aipatu egunetan. 

Hilaren 29an, berriz, igelaren eta tokako txapelketak jokatuko dituzte. Haren amaieran, astean zehar jokatutako txapelketako sariak banatuko dituzte Hogarrean; txapeldunek eta txapeldunordeek jasoko dituzte sariak. Amaitzeko, merienda eskainiko dute. 

Aipatu txapelketetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, bihartik aurrera, elkarteak Hogarrean duen bulegoan, 11:00etatik 12:00etara bitartean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide