Zumaiako eskubaloia indartzea helburu duen campusa aurkeztu du Ander Torrikok

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 15a

Ezkerretik, Nacho Valles, Aitor Manterola, Ander Torriko eta Roberto Ramajo. (Juan Luis Romatet)

Gaur aurkeztu dute Lubaki kiroldegian Ander Torriko eskubaloi campusaren lehen aldia. Ekainaren 22tik 26ra bitartean egingo dute Lubaki kiroldegian, goizetan, eta 11 eta 16 urte bitarteko eskubaloi jokalariei zuzendutako jarduera izango da. Campusaren antolatzaile Pulpo Eskubaloi Klubak eta Gukak hitzarmena sinatu dute aipatu campusa sustatzeko. 

Pulpoko harrobian hazi eta hezi eta egun Eon Balonmano Alicante eskubaloi klubeko jokalari den Ander Torriko zumaiarraren amets edo gogoa egi bihurtuko da ekainaren amaieran, Hilaren 22tik 26ra bitartean, Ander Torriko eskubaloi campusa egingo dute Lubaki kiroldegian. Haren berri emateko agerraldia egin dute gaur eguerdian Lubaki bertan, eta han izan dira Ander Torriko bera, Bidasoa eskubaloi taldeko jokalari Nacho Valles, Gipuzkoako Foru Aldunduko kirol zuzendari Roberto Ramajo, eta Zumaiako Udaleko kiroletako zinegotzi Aitor Manterola.

Agerraldian Ander Torriko berak azaldu du campusaren ideia Pulpo eskubaloi klubean pentsatuz sortu zitzaiola, "eskubaloiari Zumaian indarra emateko, eta gogoratuz hamar urte igaro direla Pulporekin [jubenil mailako] Espainiako txapelketa jokatu genuela".  

Zumaian ekainean egingo duten jarduera Zumaiako eskubaloi jokalariei zuzenduta egongo da bereziki, baina baita Gipuzkoa osokoei ere, "eta animatzen badira, Euskal Herri osokoei ere". Adin aldetik, 11 urtetik 16 urtera bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako jarduera izango da, "kimuetako bigarren urtetik jubenil mailako lehen urtera bitartekoak". 

Oraingoz, izena eman duten jokalariak Zumaia bertakoak direla azaldu du Torrikok agerraldian, eta izen emate kopuruarekin gustura daudela ere onartu du. "Gutxieneko kopurua 40 lagunetan jarri genuen, campusa martxan jartzeko, eta gehienez 80 pertsonatan. Gaur-gaurkoz, 56 lagun daude apuntatuta, eta oso ondo dago", gaineratu du Torrikok. Izenak campusandertorriko.eus webgunean eman daitezke, eta matrikulari dagokionez, Pulpoko jokalariek deskontuak izango dituzte. Zentzu horretan, eskertu egin du Pulpo klubak emandako erraztasun guztiak, baita instituzioek emandako laguntzak.

Campusa ekainaren amaieran egingo dute, hilaren 22tik 26ra bitartean. Eginkizunak goizetan izango dira, 09:00etatik 14:00etara artean. Bost orduko iraupena izango du egunero, eta Lubakiko pista erabiltzeaz gain, Zumaiako Herri Eskolako pistan eta Santiago hondartzan ere arituko dira. "Parte hartzaile kopuruaren arabera, hiru edo lau multzotan banatuko ditugu, eta aipatu lekuetan arituko dira". Saioak ordubete edo ordu eta erdikoak izango direla uste du antolatzaileak. "Talde bat Lubakin dagoen bitartean, bigarrena Herri Eskolan egongo da eta hirugarrena Santiagon, hondartza kirola praktikatzen". Denek ere egitaruan planteatutako jarduera guztiak egingo dituztela ere azpimarratu du Torrikok.

Ideia egi bihurtzeko bidean Nacho Valles Bidasoako jokalariaren eta haren aitaren bultzada jaso duela ere onartu du Torrikok. "Nachok Murtzian (Espainia) bi urtetan antolatu du antzerako campus bat, eta aurtengoa izango du hirugarrena". Zumaian egingo duten campusa Vallesek Murtzian antolatutakoaren parekoa izango dela azaldu du Bidasoako jokalariak, "eskubaloi modalitate desberdinak praktikatuko dituztelako. Horrela, gazteek ohiko denboraldian probatu ezin dituzten modalitateak praktikatu ahal izango dituzte. Agian hemen izango da jendea inoiz hondartzako eskubaloia probatu ez duena, eta hau izango dute lehen aukera".

Klubak zein instituzioek campusari emandako bultzada txalotu du Vallesek, eta, izen emateari dagokionez, jende asko apuntatu zela zalantzarik ez zuela ere adierazi du, "ikusita Anderrek zein eskubaloiak hemen duten erakargarritasuna". 

Hitzaldiak ere bai

Campusak iraungo duen bost egunetan, eskubaloiko taktikak eta teknikak erakusteaz gain, hitzaldiei ere tartea egingo dietela ere esan dute agerraldian, eskubaloiaren eta kirolaren beste aurpegi bat erakutsiz gazteei. "Beste kirol batzuetako profesional handiak inguratuko dira Zumaiara, eta guk, kirolari profesional bezala, garrantzitsutzat jotzen ditugun gaiak landuko dituzte", aurreratu du Vallesek. Hala, psikologia, elikadura edo fisioterapia bezala gaiez arituko direla ere azaldu du, "gazte hauek ikus dezaten, herrian duten eskubaloiaz haratago, etorkizun bat badagoela. Kirola eta ikasketen uztartzeaz ere jardungo dugu, baita kirola egiteak duen garrantziaz ere bizitza osasuntsu bat edukitzeko", jarraitu du Vallesek. "Uste dugu bizitzan behar beharrezkoa dela, eta hori txikiei transmititu behar zaiela". 

Egitaraua erabat lotu gabe badute ere, sare sozialen bidez aurreratu dute Zumaiara hurreratuko diren lagun batzuen izenak. Campusean izango direnen artean Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarra, eta egun Errioxan jokatzen ari den June Loidi jokalaria izango dira. "Beste ideia batzuk ere baditugu buruan, baina oraindik ez ditugu iragarri", esan du Torrikok. 

Aldundiko zein udaleko ordezkariek ere hartu dute hitza. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendari Roberto Ramajok adierazi du hasieratik prest egon zela aldundia Torrikoren egitasmoa laguntzeko. "Gipuzkoako erreferente bat da, eta proiektu honen bidez bere balioak irakatsi nahi ditu. Pulpon hasi eta orain Asobal ligako goren mailan egonda, bizipen horiek guztiak herriko txikienei erakusteko campus bat sortu du eta zalantzarik ez genuen lagunduko genuela". Ramajoren esanetan, Torrikok "zerua ukitu zuen" Pulpon zegoenean, eta adibide bat da "hemen, Gipuzkoan jokatuta, maila gorenean jokatzera heldu daitekeela".

Aitor Manterolak, bere aldetik, esan du udalak ez zuela zalantzarik izan proiektua bultzatzeko, "Ander herritarra izanda, eta ikusita bere ibilbidea, bere lesioak, horri guztiari aurre egiteko erakutsitako grina, eta hori erakusteko aukeratutako bidea, ez genuen inongo dudarik izan". 

Hitzarmena Gukarekin

Campuseko antolatzaile Pulpo Eskubaloiak eta Gukak hitzarmena sinatu dute Ander Torriko eskubaloi campusaren harira. Hitzarmen horrek bi helburu izango ditu: batetik, "bi erakundeen arteko lankidetza bideratzea, udan egingo den Campusa sustatzeko", eta bestetik "Guka taldearen marka irudia kirol eremuan indartzea, herritarrei eta bazkideei zuzendutako eduki eta abantailak eskainiz". Horren barruan, campusaren inguruko eduki bereziak sortuko ditu Gukak, jarduera hasi aurretik, baina baita lehen egunetan ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide