Ez ahazteko gogoratuz dinamikako parte hartzaileei proposatu zenien ariketa itzuliko dizut: nolakoa izango litzateke zu deskribatuko zintuzkeen argazkia?
Badut argazki bat, Artikutzako basoan, hostorik gabeko zuhaitz batena. Forma berezia du, zulo bat du enborrean, eta badirudi bi beso dituela zabal-zabalik eta gora begira. Horrekin aurkeztuko nuke nire burua.
2024ko urriaren amaieran hasi zinen dinamika gidatzen. Zein izan zen memoria ariketa kolektibo horren abiapuntua?
Hasieran, dinamika bat egin genuen egiaztatzeko irudien bitartez nola esan dezakegun ikusten dugun hori baino askoz gehiago. Bakoitzak argazki bat aukeratu zuen, eta horren bitartez bere burua aurkeztu. Gero, saio desberdinak egin genituen, eta horien helburua izan zen Zumaiako emakumeen historia berreskuratzea. Argitaratutako liburuetan, orain arte, gizonezkoek izan dute protagonismoa, eta emakumeek egindakoa azaleratu nahi genuen, zeren protagonista izan dira, baina itzalean gelditu dira. Emakumeek etxean jasota dituzten familia argazki historikoekin erakutsi nahi genuen haiek ere hor egon direla, baina ez dituztela hainbeste erakutsi.
Prozesuan zehar, sortu dira sinergiak emakumeen artean?
Bai, asko. Elkarrizketa hauetan gertatzen da jendea konturatzen dela norberari gertatu zaion hori besteari ere gertatu zaiola. Adibidez, familiako emakume bakarra izanik, etxeko lan guztiak egitea tokatu zitzaien batzuei gaztetan, beren anaien gauzak antolatzea, zaintza lanak egitea; beste batzuei ez zieten utzi nahi zituzten ikasketak egiten ezkontzarako prestaketekin hasi behar zutelako... Batek kontatu zuen txistua jo nahi zuela, baina ez ziotela utzi neska zelako. Hori guztia mahai gainean jarri dutenean konturatu dira besteei ere antzeko gauzak gertatu zitzaizkiela, horregatik, enpatia handia sentitu dute elkarren artean eta erraz ulertu dute elkar.
Hitz egiteko beharra zuten emakumeek?
Hitz egiteko beharra zuten, eta elkarri entzuteko ariketa kolektiboak izan dira saioak. Azken finean, beren historia pertsonala kontatzeko aitzakia izan dira argazkiak.
Erakusketa izan da Ez ahazteko gogoratuz dinamikaren emaitza. Nolatan hartu du bide hori?
Tailerretan egindakoa erakusteko asmoa genuen hasieratik eta Zumaiako Udalak erakusketa sortzea erabaki zuen, landutako gauzak plazaratzeko eta belaunaldi desberdinetako pertsonek emaitza ikusteko aukera izan dezaten. Zeren, saioetan agertu diren argazkiak, historiak eta egoerak oso interesgarriak dira gainontzeko pertsonentzat ere.
Zer ikasiko dute erakusketa ikusiko duten herritarrek?
Emakumeek ere garrantzia izan dutela Zumaiako historian, eta gaur egungo Zumaia emakumeek egindako zaintza lanei esker eta etxean nahiz etxetik kanpo egindako lanei esker ere eraiki zutela. Funtsean, hurrengo belaunaldiek hausnar dezaten da helburua. Emakumeei galdetu genien ea zer utzi nahiko luketen hurrengo belaunaldientzat, eta hainbat erantzun eman zituzten: familiari garrantzia eman diezaiotela, beren ametsak ez ditzatela atzean utzi eta auzolanean jardun dezatela, besteak beste.