Elkarretaratzea egin du gaur Enorrek, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 17a

Enor asanbladako kideek gaur Saregileen plazan egin duten elkarretaratzeko irudia. (Enor)

LGBTIQ+ kideek jasaten duten indarkeria salatzeko egin dute ekintza eguerdian Kofradian, baita baita haien bizitzak erdigunean jartzeko, "eta batez ere, indarkeria hori sortzen eta sustengatzen duen sistema seinalatzeko".

Maiatzaren 17a Sexu eta genero disidenteenganako indarkeriaren aurkako eguna, eta horren harira elkarretaratzea egin dute Enor asanbladako kideek, eguerdiko 12:00etan Saregileen plazan. LGBTIQ+ kideek jasaten duten indarkeria salatzea bakarrik ez, ekintza horretaz baliatu dira indarkeria hori sortzen eta sustengatzen duen sistema seinalatzeko. 

Izan ere, azken aldian sexu eta genero disidenteen aurkako oldarraldia "gero eta bortitzagoa" izaten ari dela adierazi dute. "Faxismoaren eta diskurtso erreakzionariouen gorakadarekin batera, gure eskubideak negoziagarri bihurtzen ari dira. Trans pertsonen existentzia etengabeko eztabaida publiko bilakatu due, eta gure gorputzak kontrolatzeko politikak normalizatzen ari dira", gaineratu dute. 

Euskal Herria, baita Zumaia ere, errealitate horretatik kanpo ez dagoela ere adierazi dute. Hala, Enorretik Zumaian izan diren indarkeria gertakariak salatu dituztela azpimarratu dite, izan irainak, mehatxuak edo jipoiak. "Eta hau guztia Zumaian ere gertatzen da, gure kaleetan, jaietan, ikastetxeetan, kuadrilletan, hondartzetan... etengabe". Iritzi diote askotan gertakari isolatu gisa aurkeztu nahi dituztela, "baina indarkeria hoiek guztiak sistema berdinaren adierazpenak" direla. "Gure aurkako indarkeria ez baita pertsona jakin batzuen gorroto hutsa; egiturazko indarkeria baizik. Zisheteroarauak heterosexualitatea eta zisgenerotasuna bizitzeko modu 'normal', 'natural' eta desiragarri bakar bezala ezartzen ditu, eta arau horretatik kanpo gauden gorputz eta identitate guztiak baztertu, zigortu edo ikusezin bihurtzen ditu".

Horren guztiaren aurrean "ardura" eskatzen dutela ere azaldu dute Enorrek kideek, "LGTBIQ+ fobia ez baita hutsetik sortzen; zisheteroarauak sortu, elikatu eta sostengatzen du".

Amaitu dute esaten gaurko elkarretaratzea ez dutela egin indarkeria salatzeko bakarrik. "Hemen gaude elkar aitortzeko, sareak ehuntzeko eta gure bizitzak defendatzen jarraituko dugula aldarrikatzeko ere. Historikoki isilarazi, patologizatu eta baztertu nahi izan gaituzten arren, hemen jarraitzen dugu: elkar zaintzen, espazioak sortzen eta disidentziatik bestelako munduak eraikitzen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide