Ostiraletik maiatzaren 31ra bitartean ospatuko dute Europako geoparkeen astea, eta horren baitan, hainbat ekitaldi prestatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak Zumaian, Deban eta Mutrikun. Zientzia eta surfa izango dituzte ardatz ekimenaren 17. edizioan antolatu dituzten jarduerek.
Euskal Herrian soilik ez, Europako 28 herrialdetan dauden 113 geoparketan antolatu dituze ekintzak aldi berean, eta tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera emateaz gain, herritarrengan balio horien kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea dira ekimenaren helburu nagusiak, antolatzaileen arabera.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Mutrikun egingo du egitasmoaren irekiera ekitaldia ostegunean, eta hurrengo hamar egunetarako prestatu dituen ekintzen artean, bost egingo ditu Zumaian. Doakoak izango dira jarduera guztiak, hala ere, horietako batzuetan aurrez izena eman beharko da.
Ostiralean bertan, surfaren eta zientziaren inguruko kale erakusketaren inauguratuko dute Zumaian Moilaberri inguruan. EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak sortu du erakusketa, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Kulturarekin elkarlanean. Zehazki, bi totem erakutsiko dituzte, eta infografiek lagunduta, surf-taulen atzean dagoen teknologia, itsasoko olatuen atzean dagoen zientzia edo uretako kirol horren praktika azalduko dituzte.
Maiatzaren 23an, larunbatarekin, Geoparkeko Biraren zati bat egingo dute oinez. Azken bi urteetako geoparkeen asteen baitan, 54 kilometroko ibilbide zirkularraren etapa bana egin zituzten, eta ibilbidearen azkenengo zatia egingo dute aurtengoan, Zumaia eta Mutriku aldekoa. 09:30ean abiatuko dira Zumaiako turismo bulegoaren aurretik, eta 17,7 kilometro eta 1.080 metroko desnibela dituen txangoa egingo dute. Etapa amaituta, parte hartzaileek Mutrikutik Zumaiara itsasontziz itzultzeko aukera izango dute, 18:30ean, hain zuzen. Txangoan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da lotura honetan edo Zumaiako turismo bulegoara deituta (943 14 33 96).
Hilaren 26an, 18:00etan, Surfa eta Zientzia erakusketa zabalduko dute Oxford aretoan. Inaugurazio ekitaldian, Joseba Egaña Euskalmeteko (Euskal Metereologia Agentzia) iragarpen arduraduna metereologiak olatuengan duen eraginaz ariko da solasean. Erakusketa maiatzaren 31 arte egongo da ikusgai.
Maiatzaren 27koa izango da Europako geoparkeen astearen baitan antolatutako hitzordurik garrantzitsuenetakoa. Tony Butt surflaria eta ozeanografia fisikoan doktorea Aita Mari aretoan izango da, Asier Hilario geoparkeko zuzendari zientifikoarekin solasean. Solasaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango du.
Bestalde, geoparkeen asteak iraungo dituen egunean martxan egongo da III. Mikroipuin Lehiaketa. X sare sozialean argitaratzeko kontakizun laburrak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, gehienez ere 250 karakterekoak. Geoparkeko olatuak, badatoz eta badoaz izango da lehiaketako gaia, eta 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete. Lehiaketaren oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko, esteka honetara jo dezakete herritarrek.
Mutrikun eta Deban ere bai
Euskal Kostaldeko Geoparkeak hainbat jarduera antolatu ditu Mutrikun eta Deban ere. Maiatzaren 24an, Mutrikuko Nautilus Museoan, Flyscha haurrekin familientzako tailerra egingo dute, 10:00etan hasita. Tailerraren ostean, Saturraran ingurura joango dira itsasontzia parte hartzaileak, flysch beltzaren itsaslabarrak ezagutzeko. 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera izango da, eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du. Interesdunek hemen eman dezakete izena.
Hilaren 29an, Orekariak solasaldia eskainiko dute Deban, 19:00etatik aurrera. Eduardo Ogando (EHUko fisikaria), eta Ibon Oregi (surf egokituko munduko txapelduordea) ariko dira hizlari, eta surfa eta orekaren arteko harremana izango dute mintzagai.
Europako geoparkeen astea bukatzeko, maiatzaren 30ean, intsektuak ezagutzeko irteeraz gozatzeko aukera izango da. Intsektuen safaria: begirada desberdin bat izenburua du landa irteerak, eta gazteleraz izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek gidatuko dute ibilaldia, eta biodibertsitatea mantentzeko eta gizakiaren biziraupenerako funtsezkoak diren intsektuen inguruan ikasiko dute parte hartzaileek. Irteera Debako Errotaberri atsedenlekutik abiatuko dute, 10:00etan, eta lau orduko iraupena izango du jarduerak. Bisitan parte hartzeko aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da, lotura honetan edo Debako turismo bulegora deituta (943 19 24 52).