Asteburu zaila izan da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan lehiatzen ari diren Zumaiako pilotarientzat. Bost partida jokatu dituzte, hiru gomazko paletaren modalitatean eta beste bi erremintan, eta denak galdu dituzte. Ondorioz, larruzko paleta eta pala motza uztartzen dituen lehiaketatik kanpo geratu da Zumaia, eta aldapan gora jarri zaio gomazko paletako txapelketa.
Oiartzunen jokatu zituzten atzo, igandearekin, erremintaren modalitateko itzulerako bi partidak, eta joaneko jardunaldian bezala, bi-biak galdu zituzten. Lehen partidan, 35-21 galdu zuten Carballok eta Ostolazak Oiartzungo Floresen eta Pichelen aurka; eta bigarren neurketan 40-33ko galdu zuten Garikanok eta Martinek Azpirozen eta Irigoyenen kontra. Zumaia, beraz, final zortzirenetan aurrera egin ezinda gelditu da, txapelketatik kanpo.
Gomazko paletan, halaber, Soraluzeren aurka jokatutako hiru partidak galdu zituzten. Igande honetan jokatuko dituzte Aitzuri pilotalekuan itzulerako partidak, eta gogor egin beharko dute zumaiarrek final laurdenetara sailkatu nahi badute, ez baitute erraz pasa den asteburuko emaitzak iraultzea, nagusitasunaz aritu baitzen Soraluze, eta alde handiz irabazi zituten joaneko partidak: 20-3 galdu zuen Beristainek Gallastegiren kontra; 20-8 Cabaleirok eta Carballok Soraluzeko Gisasola eta Gasconen aurka; eta 20-1 Beristainek Atxotegiren kontra.