Traineruetan zentratuko da Telmo Deun elkartea, trainerilla denboraldia amaituta

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 19a

Zumaiako trainerilla, Getarian jokatutako estropadan. (Juan Luis Romatet)

Bi ontzirekin Euskadiko trainerilla txapelketan parte hartu eta gero, Telmo Deun arraun elkarteak amaitutzat eman du trainerilla denboraldia, eta orain traineruetan zentratuko dela azaldu du. 

Telmo Deun arraun elkarteak bukatutzat eman du aurtengo trainerilla denboraldia. Herenegun Ondarroan (Bizkaia) jokatu zituzten Euskadiko txapelketan parte hartu zuen Zumaiako klubak, bi ontzirekin: kadete neskekin eta jubenil mutilekin. Emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan. Kadete neskak hamaikagarren sailkatu ziren, eta zortzigarren jubenil mutilak. 

Denboraldia amaituta, klubak eskerrak eman dizkie kategoria horietan lanean jardun duten entrenatzaile, laguntzaile eta gurasoei, "klubaren etorkizunerako lanean jarduteagatik".

Hemendik aurrera, traineruetan zentratuko direla ere adierazi du Zumaiako arraun elkarteak. Lehen hitzordua datorren larunbatean, hilaren 23a izango dute, Mutrikun egingo duten traineru jaitsierarekin. Bertan, gizonen Telmo Deun ontziarekin hartuko du parte Zumaiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide