Maria Cruickshank: "Fikzioa gizartea aldatzeko tresnetako bat izan daiteke"

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 20a

Maria Cruickshank. (Utzitakoa)

Maria Cruickshank aktoreak (Oñati, Gipuzkoa, 1989) bakarrizketetara egin du salto berriki. Bihar Simpol aurkeztuko du Zumaiako Emakumeon Etxean, 18:30ean.

Aktorea zara ofizioz. Noiz eta nola eman zenuen bakarrizketak egiteko pausoa?

Aurreko urteko Gabonetan egin nuen salto hori. Ama izan nintzen; hiru seme-alaba ditut, eta antzezpenaren mundutik aldenduta egon nintzen tarte batean, amatasunean eta hezkuntzan murgilduta. Gizarte honetan behartzen gaituzte segituan lan mundura bueltatzera, baina emakume eta ama gisa nituen beharrak ase ahal izateko, beste bide batzuk hartu nituen: batetik, artisautza egiten hasi nintzen, artisautza feminista; bulbari lotutako gauza asko egiten ditut, buztinezko bulbak edo koadroak, adibidez. Bestetik, bakarrizketekin hasi nintzen. Betidanik egin nahi izan ditut, eta ez dakit amatasunak ausardia ekarri didan edo zer, baina aurrera egitea lortu nuen. Aurretik bakarrizketa txikiak egina nintzen, bost-hamar minutukoak, baina ordubeteko saiorik ez. Zenbait gauza kontatzeko gogoa nuen, emakumeak gizartean duen lekuaz aritu nahi nuen, nik neuk emakume, ama, euskaldun eta beltz gisa dudan lekuaz. Gogoa nuen, funtsean, filtrorik gabeko zerbait sortzeko.

Eta Simpol sortu zenuen, bakarrizketa feminista eta antiarrazista. Zergatik aukeratu zenuen hori guztia taulara igotzea?

Ni antzezpenaren mundutik nator, eta egia esan, kutsu arrazista eta matxista duten hainbat egoera bizitzea egokitu zait. Iritsi zen puntu bat pentsatu nuena, “nahikoa da, honetaz hitz egin beharra dago”. Egiten nituen pertsonaiak ia beti ziren prostitutenak edo migranteenak, eta sentitzen nuen emakumeok gizonen istorioak kontatzera behartzen gintuztela, azpitik bageunde bezala. Gainera, emakumeei gertatzen zaizkigun gauza pila batetaz ez da inon hitz egiten, hilekoaz edo amatasunaz, adibidez. Hitz egitekotan, era desitxuratuan egiten da. Horregatik, gauza horiei guztiei buruz hitz egin nahi nuen, eta bakarrizketa hasten dut esanez aktore gisa arrazakeria eta matxismoa bizi ditudala, ez dela normala 50 urteko emakumeak pantailetan apenas existitzea, eta ez ditugula gauza horiek guztiak normalizatu behar. Fikzioak pisu handia du gizartearen historian eta kulturan, beraz, fikzioan diskurtsoa aldatzen bada, ziur aski kalekoa ere aldatuko da. Tresna asko behar dira gizarte bat aldatzeko, baina fikzioa horietako bat izan daiteke.

Nola bizi izan duzu Simpol sortzeko prozesua?

Proiektua buruan nuen, baina ez nekien nondik hasi. Parean Everest mendia izango banu bezala izan zen: hor neukan, baina ez nekien nondik aurre egin. Ni ez naiz gidoilaria, ez dut ikasketarik zentzu horretan egitura batzuk zehaztu ahal izateko, ez nuen esperientzia hori. Instintuari segika hasi nintzen idazten, eta Gurutze Beitia aktorearekin jarri nintzen harremanetan, buruan nuen hori azaltzeko. Hark eta Asaari Bibang umoregile ezagunak bultzada handia eman zidaten. Asaari Bibangek proposatu zidan bere saiorako hamar minutuko testu bat idazteko. Astebetean idatzi nuen, eta zera esan zidan: "Aste batean idatzi duzun hau oso ongi dago, beraz, ez izan zalantzarik, ordubeteko saio bat idatz dezakezu". Gomendatu zidan nik neuk idazteko testua, inor kontratatu beharrean, eta horrela egin nuen. Beldurra galtzen lagundu zidan. Emakume hauek lagundu didate nire buruarengan konfiantza izaten, hor egon dira Asaari Bibang, Gurutze Beitia, Tessa Andonegi, Ainhoa Aierbe eta Aroa Berrozpe. Oso polita izan da, ahizpatasun asko sentitu dut bidean.

Zergatik Simpol? Gauzak gehiegi konplikatzeko joera dago, ala?

Taularatzen ditudan kontu horiek konplexuak diren arren, berez, bizitza sinple egiten badugu, dena ongi joango da. Maitasuna eta errespetua oso sinpleak dira, baina dena alda dezakete.

Emanaldi batzuk egin dituzu dagoeneko. Gustura al zaude saioak izan duen harrerarekin?

Oso gustura nago. Abenduan hasi ginen emanaldiekin eta geroztik ez gara gelditu. Oso-oso pozik nago. Egia esan, Simpol oraindik sorkuntzan dago, gauzak gehitzen eta kentzen ditut aldiro; beraz, emanaldi bakoitza desberdina da. Gainera, segun eta non nagoen, bakarrizketako zenbait gauza aldatzen ditut. Zumaian egingo dudana, Zumaiako bakarrizketa izango da.

"Maitasuna eta errespetua oso sinpleak dira, baina dena alda dezakete"

Zumaiako Emakumeon Etxean aurkeztuko duzu bakarrizketa bihar arratsaldean. Espazio feministetan lan egiteak balio erantsia al du zuretzat?

Emakumeen etxe gehiagotan egin dut bakarrizketa, eta niretzako oso leku erosoak dira. Leku goxoak dira, errespetua egoten da, giroa desberdina izaten da. Mezu bat duzu emateko, eta horrelako lekuetan mezua jasotzen dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide