Indarkeria matxistari "irmo" erantzuteko garaia dela esan dute Arguedasko hilketa salatzeko protestan

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 21a

Hainbat lagun, Arguedasko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Arguedasko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzearen ostean, Zumaiako Mugimendu Feministak aldarrikatu zuen indarkeria matxistari "tinko eta modu bateratuan" erantzuteko garaia dela.

43 urteko gizon batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan Arguedasen (Nafarroa), eta hainbat herritar batu zen atzo arratsaldean Saregile plazan, Zumaiako Mugimendu Feministak hilketa matxista salatzeko deitu zuen elkarretaratzean. Horrelako erasoei "tinko eta modu bateratuan" erantzuteko garaia dela aldarrikatu zuten protestaren amaieran, eta indarkeria matxistaren aurrean "irmotasun" gehiago izan dezatela eskatu zioten erakunde publikoei.

Mugimendu Feministako kideek gogoratu zuten Arguedaskoa urteko laugarren hilketa matxista dela, eta beste bi erailketa saiakera izan direla 2026an Euskal Herrian. "Lau bizitza erauzi, lau hutsune bete ezinezko gure herrietan. Zenbaki hutsetatik harago, bizitzak dira, eta ezin dugu onartu indarkeria honek etenik ez izatea", adierazi zuten.

Ohartarazi zuten hilketa horiek "icebergaren punta" besterik ez direla, aitzitik, indarkeria matxista egiturazkoa dela, horregatik, halako erantzunak galdegin zizkieten erakunde publikoetako arduradunei. "Ezin dugu onartu erailketa bakoitzaren ostean doluzko keinu instituzional soilak ikustea, biharamunean ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzeko. Egoera larri honekin amaitzeko urgentziazko neurri errealak behar ditugu", aldarrikatu zuten.

Hala, adierazpen hutsetatik harago, "irmotasun" handiagoarekin jardutea eskatu zieten instituzioetako arduradunei, besteak beste, indarkeria matxista prebenitzeko baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak sortuz, eta babesean nahiz hezkuntzan inbertituz. "Sistema judizial eta asistentzial matxistak desmuntatu behar dira", berretsi zuten.

Herritarrei, bestalde, dei egin zieten erasotzaileekin "konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera". "Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da Mugimendu Feministaren eta emakumeon kontua soilik, jendarte osoaren premiazko ardura baizik", agertu zuten.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak marraztutako bidearekin bat eginez, erasoen osteko ohiko erantzun moldeak gainditu eta "hitzetatik ekintzetara" jauzia emateko premia nabarmendu zuten, horregatik, datozen egunetan Euskal Herriko herrietan elkarretaratze zaratasuak antolatuko dituztela iragarri zuten.

"Beharrezkoa eta premiazkoa da herri honek harresi bat jartzea, eta horretarako, bertan indar eta borroka guztiak ipintzeko deia egiten dugu. Ezin dugu inor bide bazterrean utzi, bete ditzagun kaleak egoera honi nahikoa dela esateko", aldarrikatu zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide