Jaime Olaizola (Zumaia, 1974) ez da gainazalean geratzekoa. Sakonago hondoratzen du lupa, inork gutxik begiratzen duen lekura, eta eremu ikusezin horretan egiten duen lanari esker leheneratzen dira erretako basoak, berdatzen soildutako lursailak, mahastiak indartzen edo kutsatutako lurrak sendatzen. Sustraien mundura destatu duen zientziak fruitu dotorea eman dio bueltan: Juan Belmonte institutuak eta Legados erakundeak lehenengoz banatu duten Ekologia saria jaso du basoen biziberritze inteligentean egiten duen lanarengatik.
Mikologiarekiko zuen zaletasunak eraman zuen zumaiarra Palentziara (Espainia), Basoko Ingeniaritza ikastera. Umetan anaiarekin ibiltzen zen perretxikoak biltzen eta perretxikoei buruzko informazioa zekarten promozio fitxek emandako informazioaren arabera sailkatzen, eta unibertsitatean Juan Andres Oria de Rueda botanikako katedradun sonatua ezagutzeak bultzatu zuen lurrazpian beste era batera uxarka egitera; zehazki, ikerketaren bidez. Harengandik ikasi zuen perretxikoek, onddoek eta mikroorganismoek basoen osasunean duten garrantzia, eta gradua amaitu ostean, adar horri helduta sartu zen doktoretza egitera. Alta, ikertutakoa aplikatzea atsegin du Olaizolak, horregatik, 2010ean ID Forest enpresa sortu zuen Palentzian. Geroztik, laborategiaren eta landaren arteko joan-etorrian dabil, lokatzetik azpila artera, helburu argi baten bila aztarrika: natura zaintzea.
"Onddoak erabiltzen ditugu landareen osasuna hobetzeko; bio-ongarri gisa erabiltzen ditugu izurrien kontra, adibidez"
"Funtsean, onddoak erabiltzen ditugu landareen osasuna hobetzeko; bio-ongarri gisa erabiltzen ditugu izurrien kontra, adibidez. Kontrol biologikoa egiten dugu, eta naturak berak eskaintzen dizkigun aukerak bilatzen ditugu prozesu biologikoak hobetzeko", azaldu du, laburrean, Zumaiako baso ingeniariak. Horretarako, laborategiko lana eta landa lana uztartzen dituzte Olaizolak eta haren ID Foresteko lankideek.
Lurra, landareen digestio sistema
Naturak berak bere burua orekatzeko eta osasuntsu mantentzeko baliabideak ditu, baina gizakiaren esku hartzeak oreka hori hankaz gora jartzeko ahalmena du. "Gizakiak modu zuzenean nahiz zeharka parte hartzen du lurraren kalitatea kaltetzen. Eragin zuzena du, adibidez, suteen bitartez, %95 gizakiak eragindakoak baitira, nahita batzuetan, eta nahigabe beste batzuetan. Halaber, nekazaritzako lurretan traktore eta makina gehiegi erabiltzeak eta produktu fitosanitarioak, fungizidak edo herbizidak botatzeak, besteak beste, lurreko bizitza guztia hiltzea dakar. Zeharkako eraginari dagokionez, klima larrialdiak eragindako kalteak hor daude. Azkenaldian ohikoak bilakatzen ari dira ekaitz bortitzak ala lehorteak, landareek asko sufritzen dute eta hil egiten dira, eta lurra, halaber, nabarmen narriatzen da", gaitzetsi du Jaime Olaizolak.

Lurraren gainazala baino sakonago dagoen mundu hori gizakion digestio sistemarekin alderatzea atsegin du Jaime Olaizolak, modu horretara errazago uler daitekeelakoan. Jakina da garrantzitsua dela gizakiek sabeleko mikrobiota zaintzea sistema digestibo osasuntsua izateko, bada, "mendian gauza bera gertatzen da", ziurtatu du ingeniariak. "Mendian edo landan lan egiten zuen jendea lurraz ahaztu zen, gainalazetik gorako horri soilik jarri zion arreta. Landare bat horitu egin dela? Nitrogenoa botatzen diote; landareei produktu pila bat bota dizkiete. Baina, egiaz, landarea osasuntsu eta gaixotasunik gabe hazteko, beharrezkoa da lurrean onddo onak egotea", azaldu du.
ID Foresteko lantaldeak nolabait kaltetutako lursailetan egiten du lan, besteak beste, sute bat pairatu duten basoetan edo pestizidek eta bestelako produktu kimikoek kutsatutako nekazaritza lurretan. Eremu horiek galduta izaten dute lurrazpiak behar duen oreka, onddo, mikroorganismo eta bakterio onak falta dituzte sarri, horregatik, gainazaletik gorakoa gaixo hazten da, hazten bada. Lurraren osasuna neurtzeko, laborategiko beharginek analisi genetikoak egiten dituzte aurrena, eta horrekin, lurrean dauden onddo eta bakterio guztiak ezagutu ditzakete. "Lurrean dagoen horren guztiaren genoma sekuentziatzen dugu, eta onddoen nahiz mikroorganismoen DNAk esaten digu zer espezietakoak diren. Lehen oso garestia zen hori egitea, baina orain, teknologiaren garapenari esker, enpresa txiki batek gaitasuna izan dezake egiteko. Informazio hori guztia jasotzen duen datu base erraldoi bat dugu; pentsa koilaratxo batean kabitzen den lur lagin batean 400 onddo eta 2.000 bakterio identifikatu daitezke", zehaztu du Olaizolak.
Horren ostean, lurraren DNA probako emaitzak interpretatu eta analizatzen dituzte, lurrak zer hobekuntza behar dituen zehaztu ahal izateko. Mediku batek egingo lukeen eran, lurra konpontzeko edo sendatzeko tratamendua prestatzen dute ID Foresten. Normalean, "onddo bat, bakterio bat edo laguntza biologiko bat" izaten dira sendabideak. "Arazoa pairatu duen lursailaren lagina laborategian analizatu eta gero, mikroorganismo onuragarriak bakartu eta biderkatu egiten ditugu. Teknika horri esker ekoizten dugun produktua, gainera, tokian tokikoa da, lagina hartu dugun eremuan bakana. Merkatuan badira produktu jeneralistak, baina zer onura egin dezake, adibidez, Murtzian (Espainia) sortutako produktu batek Bizkaian? Guk kontzeptu ekologikoagoen baitan jokatzen dugu, ez dugu ekosistema aldatu nahi, ezta lur baten biodibertsitatea ere, horregatik, tokian tokiko mikroorganismoak erabiltzen ditugu", esplikatu du.
Olaizolaren aburuz, oso garrantzitsua da tokian tokiko berezko onddoak erabiltzea, izan ere, aldaketa klimatikoak, globalizazioaren eskutik, konponbide garaikideak behar dituzten arazo berriak ekarri ditu munduko basoetara. Kasurako, Euskal Herrian aurki daitezkeen onddo ugari beste herrialde batzuetatik ekarritakoak dira, nahi gabe askotan, askotariko materialak garraiatzeko erabiltzen diren paletetan, besteak beste.
Basoak edo nekazaritzako lursailak biziberritzeko prozesuaren azken fasean, Palentziako enpresan, landare berriak sartu aurretik mikorrizatu egiten dituzte, hau da, sustraietan aurrez laborategian ekoiztu dituzten onddo onuragarrien mizelioak txertatzen dizkiete. Sinbiosi horretan, onddoak ura eta nutrienteak ematen dizkio zuhaitzari, eta trukean, zuhaitzaren fotosintesia hartzen du onddoak. Horrela, landarea gehiago haztea eta hobeto errotzea lortzen dute, baina ez hori bakarrik: gainazalean boletus perretxikoak ematen ditu denbora gutxian, esporen bitartez beren burua erreproduzitzeko gaitasuna baitute onddoek. Ildo horretatik, nabarmen estimatuak diren boilur beltzak ekoiztea da ID Foresten beste lan lerroetako bat.

"Baso baten biziberritzea ondo ateratzeko, beharrezkoa da onddoak izatea, bestela ez da ondo aterako. Normalean, soilik landareengan jartzen dute fokua, eta ez dute lursaila prestatzen. Beraz, ohiko basoberritzeetan landareen %50 hiltzen dira, eta onddoekin egindakoetan, %5 edo gutxiago", ziurtatu du Olaizolak.
Onurak pertsonentzat
Zientzia landako tradizioekin bateragarria dela erakusten du Palentziako enpresaren buruak, eta basogintzan eta nekazaritzan azken hamarkadetan gailendu den ikuspuntua erabat iraultzea proposatzen du: "Gora begiratu beharrean, behera begiratzea". "Naturak dena ematen du, natura ulertzea bezalakorik ez da berau zaintzeko; lurra modu horretara edo bestera mugitzeko, behar duen konposta zein den ezagutu eta horixe erabiltzeko... Gauza sinpleak dira, eta finean, antzinako egiteko moduetara itzultzea da gakoa, gure aiton-amonek egiten zuten horretara. Hori da basoen biziberritzearen esentzia, eta horrela jarduten dugu guk nekazaritzaren munduan ere: orain nekazaritza birsortzailea esaten zaion hori errespetatuz egiten dugu lan. Zeren, nekazaritzak lurrak suntsitu ditu hainbeste pestizida eta ongarri botata, ezen lurraren alde biologikoa suntsitu duela. Horregatik, orain nekazaritzako landareen digestio sistema zaindu behar dugu, hau da, lurra bera, mikroorganismo naturalak hazi daitezen sustatuz", sakondu du.
ID Forest Arabako Errioxako upategi batzuekin ari da lanean, eta Olaizolaren arabera, horiek bai, kontu handia izan ohi dute lurra zaintzerakoan. "Ardo berezi bat ekoizten badute, nahi dutena da kalitatea mantentzea", arrazoitu du. Kalitate hori lurrak berma dezake, horregatik, komeni zaie mahasti guztiko lurrazpian arreta jartzea. "Adibidez, mahastiko eremu batek mahats gutxiago ematen badu, eremu onean dauden mikroorganismoak zonalde eskasago horretan txertatzen ditugu", azaldu du ingeniariak. Teknika horrekin, produktu kimikoen erabilera nabarmen gutxitu dezakete mahastien arduradunek, eta naturaren kaltetzea saihesteaz gain, luzera begira, aurreztu ere egiten dute.
Hortaz, basoen nahiz nekazaritza eremuen biziberritzeak, naturari ez ezik, onurak ekartzen dizkio esku hartzea egin duten eremuaren inguruan bizi diren pertsonei ere; hain zuzen ere, naturaren bitartez "gizakien osasunean" lan egitea da ID Foresten xedeetako bat. "Pertsona bat osasuntsu egoteko, ezinbestekoa da bere ingurua ere osasuntsu egotea. Basoek oxigenoa sortzen dute, ura kontrolatzen dute, baina ez hori bakarrik, etxetik gertu ondo kontserbatutako baso bat izateak izugarrizko onura egiten dio buruko osasunari. Berdin gertatzen da nekazaritza lurrekin eta elikadurarekin: jaten ditun landare horiek ez badira era osasungarrian elikatu, ez digute onik egingo", ondorioztatu du Jaime Olaizolak.
Horregatik guztiagatik, kultura ekologikoa zabaltzea ezinbestekoa dela deritzo zumaiarrak, nola gizartean, hala instituzio publikoetan. Bere ustez, "gutxiegi" egiten da, eta gainera, herrietatik hirietara mugitzeko joera gero eta nabarmenagoak naturarekiko deskonexioa areagotzeko arriskuaz ohartarazi du. "Hirietan bizi diren pertsonak osasuntsu egon daitezen, landa eremuetan basoek egon behar dute. Gizarteak hori ulertzen duenean diru gehiago bideratuko dute instituzioek ekologiara. Baina, lehenengo, gizarteak ulertu behar du. Oraindik bide luzea dugu egiteko, eta uste dut beharrezkoa dela dibulgazio lan erraldoi bat egitea. Ez da nahikoa zientzialari batek azaltzea zer den biologia, mundu guztiak ulertuko duen hizkuntzan hitz egiteko premia dugu", aldarrikatu du.
Saria, originaltasunari
ID Forest enpresan egiten duen lanarengatik I. Ekologia saria irabazi du Olaizolak. Espainiako Senatuan jaso zuen aitortza martxoaren amaieran, eta saria banatzen duten erakundeen hitzetan, Olaizolaren ibilbideak sariaren beraren balorea ordezkatzen du: ekologismoan punta-puntako ikerketa eta kontserbazioa uztartzeko konpromiso sendoa.
"Kontzeptu ekologikoen baitan jokatzen dugu, ez dugu ekosistema aldatu nahi"
Basoko ingeniaria pozik dago jasotako aitortzarekin, "ez hainbeste nigatik –zehaztu du–, baizik lantalde osoa aintzatesten duelako". Bere ustez, gainera, egiteko modu "berezi" bat defendatzen du Juan Belmonte institutuak eta Legados erakundeak emandako sariak: "Natura kontserbatzeko lan egiten dugu, baina, aldi berean, naturarengandik errentagarritasun ekonomikoa ateratzen dugu, ahal den neurrian, hori beharrezkoa baita gure lana sostengarria izan dadin. Baso bat kontserbatu nahi baduzu, garrantzitsua da jendeak horrekin lan egin dezan bermatzea, kimaketa lanak egiten, adibidez. Ez bada horrelakorik egiten, kontserbazioa ez da existitzen, eremua abandonatu egiten da. Uste dut originaltasun hori izan dela saria jasotzeko arrazoi nagusia". Eta bereziki, lurrazpiko bizitza, ikusezina den hori, ikusgarri egiten lagunduko duelakoan poztu du Jaime Olaizola I. Ekologia sariak.