Zumaiako Musika Bandak John Williamsek filmetarako sortu zituen piezak joko ditu igandean

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 22a

Zumaiako Musika Banda.

Hainbat pelikulatako soinu-banden egile izan den John Williamsen lanak interpretatuko ditu Zumaiako Musika Bandak igande eguerdian eskainiko duen kontzertuan. Emanaldia 13:00etan izango da, Zumaienako aretoan.

Musikazaleentzat nahiz zinemazaleentzat gozagarri izango den kontzertua eskainiko du igandean Zumaiako Musika Bandak. Zazpi hamarkadatako ibilbide luzean zinemako historiaren soinu-banda ospetsuenetako batzuk konposatu dituen John Williams Estatu Batuetako konpositorearen piezak joko ditu. Emanaldia 13:00etan izango da, Zumaienako aretoan.

Josean Pascualen zuzendaritzapean, Zumaiako Musika Bandak bost aldiz Oscar saria irabazi duen konpositoreari aitortza egingo dio igandeko kontzertuarekin. John Williams in Concert bilduma joko du bandak, eta entzuleek ezagun izango dituzten pelikuletako soinu-bandekin girotuko dute Zumaienako aretoa.

"E.T. extralurtarraren melodiak bizikletaz ilargirantz bidaliko gaitu, swing doinu jostalariekin Galaxiako kantina xelebre eta anitzenetik pasatuko gara, eta inoizko bi nota beldurgarrienek dardarka jarriko gaituzte (kontuz, badator marrazoa!). Jarraian, Steven Spielbergerren 1991ko Hook filmaren musika entzungo da, fantasiazko Peter Panen mundura eramango gaituena. Den-denok ezagun ditugun Indiana Jones doinuak izango dira ondoren, Raiders March mitikoa, Grialaren zaintzailearen musika, edo Maitasun kanta. Atzetik, Dartmoor gerrako zaldiari buruzko pelikularen musika izango da entzungai. Kontzertua amaitzeko, ikusgarrienetan ikusgarriena, zirraragarri eta ikonikoa, Star Wars galaxietako musika", aurreratu dute antolatzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide