Mirotza Saria jaso du Janire Gonzalez-Etxabarrik

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 23a

Atzo arratsaldean jaso zuen aitortza surflari zumaiarrak, Orio Arraunketa Elkartearen eskutik, Oriok Garagardo Azokaren irekiera ekitaldian. Richard Oribe igerilari donostiarra ere omendu zuten.

Atzo arratsaldean abiatu zuen Orio Arraunketa Elkarteak XI. Garagardo Azoka, eta, urtero bezala, irekiera ekitaldia, Mirotza Sariak banatuz egin zuen. Urtero-urtero maila gorenean nabarmendu diren kirolariei egiten diete aitortza, eta aurten, Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra eta Richard Oribe igerilari donostiarra omendu zituzten.

Iker Gururrutxaga kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta atzoko bi protagonistek arraunarekin lotura zuzenik izan ez arren, urarekin harreman estua duten kirolak lantzen dituztela edo landu izan dituztela zehaztu zuen. "Bakoitzak berean, bide luzea eta oparoa du", azpimarratu zuen. Izan ere, biek ala biek lorpen handiak erdietsi dituzte nazioartean.

Hala , Iñaki Arrillagak eginiko oroigarriak jaso zituzten bi omenduek banan-banan; lehenik eta behin, surflari gazteak, eta ondoren, igerilari beteranoak. Oribek eskerrak eman zizkion Orioko herriari eta klubari, eta saria jasotzea ohore bat izan dela azaldu zuen. Hitzartzearen amaieran, gainera, ez zuen aukera galdu nahi izan "Aupa Orio!" esateko. Gonzalez-Etxabarrik ere esker hitzak izan zituen: "Mila esker zumaiar bati horrelako harrera egiteagatik. Egia esan, ez zuen inolaz ere espero Mirotza Saria ematerakoan nigan pentsatzea". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide