Helene Alberdi nagusi izan zen atzo Iruñean jokatu zen Distantzia Ertaineko Espainiako Triatloi Txapelketan. Faboritoen artean zebilen Zumaiako triatletaren izena eta honek ez zuen hutsik egin; 3:52:23 denboran osatu zuen lasterketa.
Hala ere, Maria Vilas galiziarrak eman zuen probako ezusterik handiena, eta ez zizkion gauzak erraz utzi Alberdiri. Hasiera-hasieratik buruan jarri zen; lehenik eta behin, igeriketako zatian eta ondoren, bizikletakoan. Zumaiako bizilaguna hirugarren postuan iritsi zen korrikako zatira, eta erritmo bizia jarrita, bigarren itzulian hartu zion aurrean galiziarrari, non helmugara konfiantzaz iritsi zen.
Alberdiren atzetik, bi minutu eta erdira iritsi zen Vilas (3:55:03), bigarren postuan, eta podiuma Marina Muñoz segoviarrak osatu zuen, hirugarren sailkatuta (3:58:29).
Guztira, 2.000 triatleta inguru aritu ziren profesional mailako zirkuitua osatzeko lehian. Agoizko urtegian (Nafarroa) bi kilometroko igeriketa saioa osatu behar izan zuten horiek aurrena, ondoren, bizikletaz 80 kilometro egin behar izan zituzten Nafarroako errepide malkartsuetan barrena Iruñera iritsi arte, eta, azkenik, 18 kilometro osatu zituzten korrika Iruñeko Alde Zaharrean barrena, lasterketa Gaztelu plazan amaituz.