Elikadura burujabetza ardatz duen proiektu bat garatuko du udalak Erkibeko eraikinean

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 25a

Herritar batzuk Erkibeko lorategian. (Zumaiako Udala)

Zumaiako Udalak amaitu ditu jada Erkibeko lorategiko lanak, eta eraikinari begira jarri da orain. Elikadura burujabetzan oinarritutako proiektu bat garatu nahi du hor, eta herritarren ekarpenak jasotzeko parte hartze prozesua abiatuko du. Asteazkenean egingo du herritarrei zuzendutako lehenengo saioa. 

Zumaiako Udalak amaitu ditu jadanik Erkibeko lorategiko lanak, eta eraikinari dagokion prozesua abiatuko du orain. Elikadura burujabetzarekin lotutako proiektu bat garatu nahi du bertan, baina herritarren ekarpenak bilduko ditu lehenengo. Datozen hilabeteetan herritarrei eta herriko eragileei zuzendutako hainbat saio, eztabaida eta topaketa antolatuko ditu, eta etzi, asteazkena, izango da lehenengoa.

Udalak azaldu duenez, denbora darama herrian elikadura burujabetza oinarri izango duen merkatu bat garatzeko lanean. 2023an, LZB arkitektura kooperatibaren laguntzarekin, Erkibe bertako produktuen merkatu bilakatzeko aurreproiektua garatu zuen. Era berean, herriko eragile batzuek, Albergak tartean, elikadura proiektu bat aurkeztu zuten, elikadura burujabetza ardatz izango zuen proiektu bat bultzatzeko beren burua aurkeztuz.

Orain, azken urteetan egindako lana herritarrei aurkezteko prozesua abiatuko du udalak. Farapi eta Biziola kooperatibek bideratuko dute prozesua, eta bi fase izango ditu. Lehenengoan, entzute eta diagnostiko lana egingo dute: galdetegi irekia zabaldu du udalak –esteka honetan bete daiteke–, eta eztabaida saioak ere izango dira datozen egunetan, proiektuaren inguruko lehen iritziak eta beharrak jasotzeko eta herrian dagoen ikuspegia eta interesa ezagutzeko. Besteak beste, ekoizleek, merkatariek, herritarrek eta udal ordezkariek parte hartuko dute hausnarketan.

Bestalde, asteazken honetan izango da herritarrei zuzendutako lehenengo saioa. Oxford aretoan egingo dute, 18:00etatik aurrera, eta gaiaren inguruan interesa izan dezakeen oro deitu du udalak bertaratzera. Saioaren antolaketa errazteko, izena emateko eskatu dute; turismo bulegoan, 943-14 33 96 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zumaia.eus helbidera idatzita.

Eraikuntza kolektiboaren fasea

Udaren ostean helduko dio udalak prozesuaren bigarren zatiari: eraikuntza kolektiboaren fasea. Fase horretan, hainbat saio antolatuko ditu udalak, eta aurretik jasotako ekarpenetatik abiatuta, Erkiben kokatuko litzatekeen proiektuaren oinarriak zehaztuko ditu. Lantzeko gai nagusien artean egongo dira merkatuaren helburuak eta balioak definitzea, eskaini beharreko zerbitzuak zehaztea, antolaketa eredua adostea eta etorkizuneko lan ildoak finkatzea.

Lorategia, amaituta

Erkibe eraikineko lorategiko lanak amaitu dituzte jadanik, eta espazio berria herritarrei zabaltzeko eta prozesuaren inguruko xehetasunak emateko ekitaldi irekia egingo du udalak ekainaren 3an, lorategian bertan, 18:30ean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide