Maite Urteaga Zumaiako txirrindulariak dena irabazi du maiatzaren 22tik 24ra jokatu duten Gipuzkoako Itzuliaren seigarren edizioan. Lehenengo postuan helmugaratu da hiru etapetan, eta beraz, itzuliaren nahiz Gipuzkoako txapelketaren irabazlea izan da.
Tolosan hasi eta amaitu zuten lehenengo etapa, ostiralean. 3,7 kilometroko erlojupeko proba izan zen, eta Eulen-Amenabar taldeko txirrindularia lehenengo sailkatu zen 05:16.62eko denbora eginda, irabazlearekiko 3,93 segundora. Deban jokatutako bigarren etapan, azkarrena izan zen 56 kilometroko ibilbidea amaitzen: 1:35:50eko denbora egin zuen larunbatean. Garaipena errepikatu zuen igandeko hirugarren eta azken etapan, Elgoibarren jokatutako 89 kilometroko proba luzean. 4:01:03ko denboran zeharkatu zuen helmuga zumaiarrak.
Gainera, mendiko sailkapenaren maillota lortu zuen Maite Urteagak, eta taldekako sailkapenean lehenengo egin zuen bere taldeak, Eulen-Amenabarrek.