Amaitutzat eman du bidea Zumaiak Herriarteko txapelketan

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 25a

Soraluzeko eta Zumaiako jokalariak, joaneko jardunaldiko une batean. (Barrena.eus)

Gomazko paleta modalitatean Soraluzeren aurka aritu ziren larunbatean, final zortzirenetako bueltako jardunaldian, eta 0 eta 3 emaitzarekin galdu zuten, txapelketatik kanpo geratuz. 

Ez da aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ona izan Zumaiako Kirol Elkartearen interesentzako. Aurreko asteburuan kanporatua izan zen erremintako modalitatean, eta pasa berri den honetan berdin gertatu da gomazko paleta modalitatean. Aurten zesta puntako txapelketarik izango ez denez, amaitu du bidea Zumaiak Herriartekoan. 

Herenegun jokatu zuten Aitzurin txapelketako final zortzirenetako itzulerako jardunaldia. Zumaiak Soraluze hartu zuen, eta ondo jakina zuten gauzak ez zituztela erraz izango, astebete lehenago Soraluzen jokatutako joaneko jardunaldian 3 eta 0 galdu zutelako. Bada, pasa den asteburuan emaitza errepikatu zuten plaentxitarrek, eta guztira 6 eta 0 emaitzarekin kanporatu dute Zumaia. 

Zumaiak zesta punta modalitatean lortu ditu Herriartekoko emaitza onenak, baina aurten modalitate horretako txapelketarik ez antolatzea erabaki dute, behar adina parte hartzailerik ez zegoela. Beraz, zapatuan amaitu zuen bidea Zumaiak lurralde mailako txapelketa horretan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide