Moises Egaña: "Arrantza ez da ofizioa bakarrik, artea ere bada, eta hori ere ikasi behar izaten da"

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 31

Moises Egaña. (Arnaitz Rubio Aprea)

Itsasoratzeko apustua egin zuen Moises Egañak duela bi hamarkada pasa. Lehenbizi, merkataritza ontzi batean aritu zen, eta duela 21 urtetik baxurako arrantza du ofizio. Gipuzkoako Arrantza Federazioko lehendakariordea ere bada. Ofizioaz eta arrantza sektoreak bizi duen egoeraz jardun du.

Martxoko Zumaia Guka aldizkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Lehorrean lan ugari egindakoa, Moises Egañak (Zumaia, 1966) lanbidea itsasoan aurkitzeko hautua egin zuen orain bi hamarkada pasa, aurretik bere familiako kide batzuek egin bezala. "Gure aita itsasoan ibilitakoa zen, aitona eta birraitona ere bai. Erabaki nuenean itsasora joango nintzela, aitak zera esan zidan: 'Beno, erremediorik ez dagoenez, bi gauza esango dizkizut: ondo pasatuko duzu, eta gaizki pasatuko duzu; biak'. Eta bete-betean asmatu zuen. Berez, hala izaten da itsasoan", esan du Zumaiako Anade elkartean egindako elkarrizketan. Arrantzaleen lehen lana "bizirik itzultzea" dela dio, eta Gipuzkoako Arrantza Federazioak egiten dituen bilera bakoitzaren hasieran minutu bateko isilunea gordetzen dutela ere azaldu du, "itsasoan hil diren guztien omenez". 

Noiz hasi zinen itsasoan lanean? 

Lehorrean hainbat lan egindakoa naiz, gehienbat sukaldari bezala. Baina itsasorako zaletasuna betidanik izan dut. Txikitatik kanabera hartu eta erriora joaten ginen lazunak harrapatzera, gero, aukera genuenean, frantsesei saltzeko. Bazen Zumaian arrantzale bat, Kepa Uranga, istripu batean hil zena, eta harekin, nolabait esateko, 'beltzean' aritu nintzen lanean, kontraturik gabe. Berdeletan ibiltzen zen, eta kanpaina batean harekin aritu nintzen, ikasten, profesionalki jakiteko arrantza egitea zer zen. Gero, merkatari ontzietan hasi nintzen, eta pare bat bidaia egin nituen. Ordurako, gure gurasoak gaixotu egin ziren, eta etxetik hurbilago egoteko Getariako arrantzontzi batean hasi nintzen lanean.  

Arrantzan aritzeko bokazioa izatea beharrezkoa al da? 

Bai, behar da. Ez da beste lanbide bat bezalakoa; bizitzeko modu bat ere bada. Arrantzan aritzen diren gehien-gehienek naturalki dakarte grina hori, arrantza afizioa ere badelako askorentzat. Hori oso garbi ikusten da senegaldarren artean. Hona datozen gehienak Senegalgo kostaldetik datoz, eta horiek txiki-txikitatik bota izan dituzte aparailuak uretara. Baina senegaldarren artean ezagutu ditut arrantza lanpostu soil bat dela ulertzen dutenak ere. Hori porturatzean ikusten da, Gijongo edo A Coruñako portuetan sartzean. Afizioa duenak aparailua aterako du eta antxoekin lupiak hartzen saiatuko da. Beste batzuek, aldiz, ez dute inoiz halakorik egingo; hor nabaritzen da ez dutela bokazio hori. Baina gehiengo batentzako bada bokazioa, eta horrek lagundu egiten du, berez gogorra da-eta bizimodua itsasoan. Ez bakarrik guretzat, baita etxean geratzen direnentzat ere.  

Zuk zeuk diozu lanbide gogorra dela arrantzalearena. 

Badaude gogorragoak: meatzariena, fundizioetan lan egiten dutenena... Guk, behintzat, haize naturala dugu; fundizio batean ez dute horrelakorik. Badu kontrajarria den zerbait gure ofizioak, eta da egitura batean itxita zaudela, baina askatasun gehiago ere baduzula. Han zaudenean gehiago zara zu; ez dago familiarik, eta etxeko arazoak ere etxean geratzen dira. Hori ere igartzen da. Itsasontzi batean jende kopuru bat doa, gure ontziaren kasuan hamabost lagun, eta zenbat eta talde izaera handiagoa izan, gusturago egingo duzu lan; gainera, ateratako onura ere handiagoa izango da. 

21 urte daramatzazu baxurako ontzietan lanean. Alturakoetan ere aritu al zara? 

Alturakoetan ez, baina bai merkataritza ontzietan. Irlandan eta Belgikan ibili izan naiz, Afrikan ere bai. Behin Seychelleetara joan nintzen; han ontziratu ginen, Galiziako konpainia bateko ontzi hozkailu batean. Izoztutako 3.000 tona atun kargatu genituen. Hamar egun eman genituen Seychelleetan, eta beste 22 egun behar izan genituen, Suezeko kanalean barrena, Galiziara heltzeko. Oso bidaia interesgarria izan zen. 

Bizkaiko golkoan aritzen zarete arrantzan edo beste itsasoetara ere joaten zarete? 

Mediterraneoan ere egiten da baxurako arrantza, baita Cadizko golkoan eta Kanaria uharteetan ere. Gu Bizkaiko golkora mugatzen gara. Lehen ohitura zegoen, behin atunaren kanpaina bukatzen zenean, Kanarietara joateko; Azoreetara ere egiten ziren bidaiak, baina aspaldian utzita dugu hori. Zortea dugu hegaluzea Bizkaiko golkora sartzen delako eta batzuetan ez dugulako urrutira joan beharrik arrantza egitera: kostaldea begi aurrean dugula ere harrapatu ditugu hegaluzeak. 

"Arrantzan aritzen diren gehien-gehienek badute horretarako grina, arrantza afizioa ere badelako askorentzat" 

Beti Getariako ontzietan aritu al zara? 

Baxurako arrantzan hasi nintzenetik beti ontzi berean egin dut lan, Kaximirona arrantzontzian. Zumaiako Balenciaga ontziolan egin zuten baxurako azken ontzia izan zen. Txapa prest zuten beste ontzi handi bat egiteko, eta azkenean Kaximirona egiteko erabili zuten txapa hura. Altzairu herdoilgaitzarekin egindakoa da, eta itsasoan ibiltzen bada ere, ez da herdoiltzen. Gasteizko altzairutegi batean lan egiten zuen lagun bat nuen, eta duela hamabost urte esan zidan itsasontzi hori desegiteko desira zutela, txapa hori erabili ahal izateko. Behin Getariako portura sartzen ari ginela, motorrak matxura bat izan zuen, eta zuzen-zuzen jo genuen moilaren aurka. Bada, ez zen ontzia apurtu, moila apurtu zen! Orduan esan nuen: "Eskerrak Zumaian egindako ontzia den, bestela hondora joango ginatekeen eta!". 

Kostera batek zenbat irauten du? 

Normalean, bederatzi bat hilabete. Bederatzi hilabete egoten gara arrantza egiten. Aldizkako langile finkoak gara, eta neguan langabezia kobratzen dugu, eta oporrak ere hartzen ditugu. Txarra da hondartzara joateko hegazkina hartu behar dugula, uda osoa hegaluzeetan pasatzen dugulako. 

Kanpaina berdelarekin hasten dugu. Aurten berdeletarako jarri diguten kuota egun bakarrean bete dezakegu. Segituan, martxoan, antxoarekin hasten gara. Hala ere, antxoa hartzeko garai onena Errepublika Egunaren bueltan izaten da [apirilak 14]. Apirilaren erdialdera egoten da antxoa bere une onenean, orduan du koipe gehien. Apirilean eta maiatzean harrapatutako antxoa nahi izaten dute kontserbagileek ere. Ekainetik aurrera antxoek dagoeneko arrautzak jarri dituzte, eta udan antxoa ederrak harrapatzen baditugu ere, karnatarako erabiltzen ditugu, atuna harrapatzeko. Batzuk ontzian jateko gordetzen ditugu, baina ez dira udaberrikoak bezalakoak: ordurako lehor-lehorrak egoten dira, eta handiak badira ere, ez dute balio kontserbarako.  

Moises Egaña, Anade elkartean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Antxoaren kosterari dagokionez, duela urte batzuk antxoa harrapatzeko debekua ezarri zuten. Nola eragin zizuen horrek? 

Duela hamasei urte antxoaren arrantza geratu behar izan genuen; ikusten genuen ez genuela harrapatzen eta biomasa aldetik oso kopuru txikia geratzen zela. AZTIkoek [Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknika Iraskundea] urtero neurtzen dituzte, bai arrain kopurua, baita arrainek daramatzaten arrautza kopurua ere, eta egoera beldurgarri batean geundela ohartarazi ziguten. Antxoa desagertzeko zorian zegoen, eta oraindik batzuek pentsatzen dugu arrantzatzen jarraitu izan bagenu antxoa amaitu egingo zela, eta oso zaila izango zela hura berreskuratzea. Lau urte egon ginen antxoa harrapatu gabe, eta une haietan Eusko Jaurlaritzak laguntzak eman zizkigun. Ez zen arrantza eginda jasoko genuen kopurua, baina bizitzeko adina eman ziguten. Orain harrituta gaude, ikusi dugulako nola berreskuratu den antxoa Bizkaiko golkoan. AZTIkoek esan digute inoizko kopuru handienak jaso dituztela, antxoa ale aldetik, baina baita arrabei dagokienez ere. Horrek ondorio bat izango du: biomasa errekuperatzen doa, baina antxoen elikagaia den mikroplankton kopuruak bere horretan jarraituko du. Antxoa gehiago dago, baina tamaina aldetik ez da hainbeste hazten. 

Orduko debekuek eragin al zuten iskanbilarik sektorean?  

Orduan, jaungoikoari eskerrak, oraindik ere kontzientzia zegoen. Kontziente izan ginen geldialdirik egiten ez bagenuen, hura bukatu egingo zela. Hain zuzen, Galizian sardinekin gertatu zitzaien hori. Antxoa harrapatzeari utzi genionean galiziarrei aipatu genien ea zergatik ez zioten sardinak hartzeari uzten. Galiziako itsasadarretan propioa duten sardina bat zuten, beste inon ez zegoena. San Joan egunaren bueltan ohitura dute sardina parrillan jateko, eta sardina mota hori asko kotizatzen zen: 6 euro ordaintzen zizkieten kiloko, guri sardina kiloagatik 30 zentimo ematen dizkiguten bitartean. Hainbeste ustiatu zuten, ahitu egin zuten sardina mota hori. Antxoarekin hori gertatzeko arriskua egon zen, eta eskerrak kontzientziazioa egon zen. Elkarren artean ados egon ginen Kantabriakoak, asturiarrak, galiziarrak eta gu, eta hori ez da erraza. Arrantzan hasi nintzenean, Bizkaiko federazioarekin ika-mikatan ibiltzen ginen. Duela sei-zazpi urtetik hona, harreman askoz hobea dugu, eta bi federazioak bat egitea pentsatzen ari gara. 

AZTIk egiten duen lana, beraz, garrantzitsua da sektorearentzako. 

AZTIk ikerketa biologikoak egiten ditu arrantzaren hobekuntza bermatzeko. Jasotzen duen dirua ondo erabiltzen duela uste dut, ikerketak errealak direlako. Errealak direla diot, ikerketa horien emaitzak erakusten dizkigutelako. Adibidez, gaur egun ICCAT da mundu mailan atunen harrapaketa kontrolatzen duen nazioarteko federazioa, eta hango idazkarietako bat AZTIko kidea da. 

Duela gutxi erreportaje interesgarri bat erakutsi ziguten. 15.000 hegaluze hartu eta markatu dituzte, eta batzuei gailu elektronikoak jarri dizkiete. Gailu horietako bat zeraman hegaluze bat harrapatu genuen iaz, eta AZTIkoak abisatu genituen. 1.000 euroko saria eman ziguten gailua berreskuratzeagatik. Haren bidez jasotako datuak ere erakutsi zizkiguten, eta mapa batean ikusi genuen non ibili zen atuna; hala jakin genuen nora joaten diren atunak urtaro bakoitzean. Bi atun mota daude, hegaluzeak eta zimarroiak; lehenak Europako kostaldekoak eta besteak Amerikakoak. Ozeano erdian nahasten dira, baina umeak izan behar dituztenean bakoitza jaio den lekura bueltatzen da: hegaluzeak ez dira inoiz Texasko golkoan sartuko, eta zimarroiak, Portugalgo kostalderaino heltzen direnak, ez dira sekula Mediterraneoan barneratuko. 

"Nik uste etorkizunean baxurako lau ontzi geratuko direla Getarian, eta beste hainbeste Hondarribian"

Arrantzalea izateaz gain, Gipuzkoako Arrantza Federazioko lehendakariordea ere bazara. 

Hamar edo hamaika urte daramatzat kargu horretan. Aurretik, Getariako Kofradiako lehendakariorde ere izan nintzen. Baxurako arrantzako erakunde horren parte dira Hondarribiko, Pasaiako, Orioko eta Getariako kofradiak. Gaur egun, ezin da esan Mutriku eta Donostia arrantza portuak direnik. Donostiako kaian bentako lonja ere kendu zuten, eta pare bat ontzi geratzen badira ere, arraina saltzera Pasaiara joaten dira. 

Zure ustetan, zer egoeratan aurkitzen da arrantzako euskal flota? 

Egoera ez da polita. Hasi nintzenean, Getarian baxurako hamabost ontzi inguru zeuden, eta orain 11 edo gutxiago egongo dira. Iaz ontzi bat salgai zegoen, Kantauri osoko ontzirik onenetakoa, eta aurten ez da itsasoratuko. Nik uste baxurako lau ontzi geratuko direla Getarian, gehiago ez, eta beste hainbeste Hondarribian. Haiek bizimodu oso ona izango dute. Benetan garrantzia duena arrantzarako lizentzia da; ontziek ez dute batere balio, eta gorde behar dena lizentzia da. Federaziotik hainbat itsasontzi saldu ditugu, enpresa pribatuek hala eskatuta, baina lizentziarik gabe, berdel edo atun gorriaren kopururik gabe. Horiek gorde egin ditugu, horrek bermatuko baitu hemen baxurako arrantza flota izatea. 

Flota gutxitzen ari bada ere, ezin da gauza bera esan arrainaren kontsumoaz. 

Gertatzen dena da gaur egun kontsumitzen dugun arrain gehiena kanpotik ekartzen dugula. Arazo politikoak ere baditugu orain. Europako Batasuna Mercosur izeneko tratatu ekonomikoa sinatu nahian dabil, eta hemengo jendea kexu da. Nola da posible Afrikatik edo Brasildik arraina erostea, eta haiei ez exijitzea guri exijitzen zaizkigun baldintzak, neurriak eta kontrolak? Haiei ez diete inongo inspekziorik egiten, eta guk haiek arrantzatutako arraina jaten dugu. Jendea ez da horretaz ohartuko berandu den arte. 

Pasa den urtarrilean protesta ekintza bat egin zuen sektoreak Europatik etorritako neurrien kontra.  

Europatik gero eta traba gehiago jartzen ari zaizkigu jendea ofizio honetan aritzeko. Beraiek politika bat dute: kontsumitzen dugun arraina beste nonbaitetik etortzea nahi dute, prezio erdian; Hego Amerikatik edo Afrikatik, kontuan hartu gabe langile haien lan baldintzak, hemen ditugun lan baldintzek ez dutelako zerikusirik haiek han dituztenekin. 

Sektorearen etorkizuna bermatzeko, erreleborik ba al dago? Jende gaztea animatzen al da? 

Errelebo falta dugu, jendea behar dugu. Baliabidea, arraina, hor dago eta doakoa da. Baina hori harrapatuko duen jendea behar da; prestatutako jendea behar da, bai makinetarako, bai arrantzarako, baita zubirako ere. Arrantza ez da ofizioa bakarrik, arte bat ere bada, eta hori ere ikasi behar izaten da. Horretarako, batzuek gaitasuna daukate, eta beste batzuek ez, nahiz eta eskolan aritu diren. Federazioak, bere aldetik, apustu handia egin du formakuntza sustatzeko. Arrantza eskola dago Pasaian, baina arazo bat dugu: gazte asko oso ondo prestatuta ateratzen dira handik, baina gero lehorreko enpresek hartzen dituzte lanerako. Itsasoan lan egiteko prestatu badira ere, soldata handiak eskaintzen dizkiete, eta nahiago dute lehorrean geratu. Hori askotan gertatu zaigu.  

Nik uste armadoreek duten errelebo faltaren arazoa etxean bertan hasten dela. Haien seme-alabek mundu hori zuzenean ezagutu dute, eta ez dute nahi lanbide hori beraientzat. 

Eskerrak, orduan, senegaldarrak heldu diren arrantzan aritzeko. 

Armadoreek behin eta berriz esaten dute Senegaldik etorritako jendeari esker salbatu dituztela beraien enpresak. Lehendabizi, txiletarrak eta perutarrak hasi ziren etortzen, baina behin paperak lortzen zituztenean lehorrean geratzen ziren. Baina senegaldarrek badute bokazioa, maite dute itsasoa, eta gehienek balio dute ofiziorako. Oraingoak, lehengoak ez bezala, eskolara joaten dira Ondarroan, tituluak ere ateratzen dituzte, eta hori beraientzat kristoren onura da. 

Gazteak erakartzea izango da erronka errelebo hori gauzatzeko, ezta? 

Uste dut askotan informazio faltagatik ez direla sektorera hurbiltzen. Produktu hau saltzen jakingo bagenu, pentsatzen dut jende gazte gehiago animatuko litzatekeela. Adibidez, gure ontzian patroiaren alboan doan mutila Orozkokoa da, Gorbeia mendiaren azpikoa. Arkitektura ikasten hasi zen, baina ikusi zuen hori ez zela berarentzat, eta Pasaiako arrantza eskolan hasi zen ikasten. Lan praktikak egitera etorri zen gugana, eta gero enpresak kontratatu zuen. Kubiertako marinel ibili zen, eta denbora gutxira zubira igo zen. Armadorea jubilatzean, mutil horrek gidatuko du itsasontzia. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide