Maite Aizpuruak zuzentzen duen Infinitudrama antzerki konpainiak Promesarik txikiena lana ekarriko du Zumaiara ostiralean, 20:00etatik aurrera. Zumaiako aktorearekin batera, Intza Alkainek, Maiana Etxeberrik eta Ane Garcia Lopezek osatuko dute Aita Mari aretoko oholtzara igoko den lagun taldea. Laguntasunaren ertz zorrotzen minak eta lagun harremanen alde dirdiratsuak, pozak eta dezepzioak, azalduko dira antzezlanak proposatuko duen kontrasteen eztabaidan, eta galdera batek amaituko du bidaia: "Zein da lagun bati egin diezaiokegun promesarik txikiena?"
Maite Aizpuruak eta Matxalen de Pedro Larreak zuzendutako lanak era kritikoan ospatzen du laguntasuna, eta behinola lagunei egindako promesen hondarrak astintzen ditu. Oholtza hartuko duten lau lagunek poesia eszenikoaren, umore azidoaren, brilli-brilli-aren eta hit abestiekin egindako musikal baten osagaiekin saiatuko dira beren arteko zalantzak, gatazkak eta galderak gainditzen eta publiko anonimoa lagun egiten, minetik hausnarketarako bidea elkarrekin ibiltzeko.
Emanaldirako sarrerak aurrez erosi ahal izango dira sarrerakzumaia.eus webgunean, 6,50 euroan (4,50 euroan gazte txartelarekin).