Musikatik elkartasunera

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 28a

Leok'k taldeko kideak. (Leok'k)

Zumaiako Luis Llavori gitarristak parte hartzen duen Leok'k taldeak elkartasunezko rock kontzertuak eskainiko ditu, horietan bildutako dirua Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari dohaintzan emateko.

Ia sei hamarkadako ibilbidea du bizkarrean, eta herriko kulturarekin zein elkartasunarekin konpromiso sendoa erakutsi ostean, Zumaiako Luis Llavori gitarristak nahiz Zestoako hainbat musikarik osatzen duten Leok’k taldeak beste urrats bat egitea erabaki du. Oraingo honetan, musika izango da berriro ere zubia, baina helburua oso pertsonala eta hurbilekoa da: minbiziaren aurkako borrokan laguntzea. Taldeak elkartasunezko rock kontzertuak eskaintzeko asmoa iragarri du, bildutako dirua Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari bideratzeko. 

Ekimenaren atzean ez dago konpromiso sozial hutsa, esperientzia pertsonalak baizik, urteetako bizipenak eta gaixotasuna gertutik ezagutzeak uzten duten arrastoa. "Leok’k taldea osatzen dugun sei kideotatik lauk minbizia izan dute", azaldu du Gotzon Lizaso taldeko kideak. Horregatik, oraingo erronka honek bestelako dimentsio emozionala hartu du taldekideentzat. "Gure azalean ezagutu dugu zer den halako egoera bat bizitzea" dio Lizasok, "eta laguntzea nahi dugu". 

Hori horrela, "minbiziaren aurka kontzientzia sozial handiagoa garatzeari eta areagotzeari bultzada emanez, elkarlanean osasunari buruz hezteko, gaixoak eta haien familiak babesteko eta laguntzeko, eta, era berean, ikerketa proiektuak finantzatuz minbiziaren diagnostiko eta tratamendu hobeak lortzeko, bidelagun izango gara", azaldu du Lizasok. 

Kirola eta kultura, eskutik

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu Gipuzkoako hainbat herritan. Gehienetan, kirolari lotutako ekimenak izaten dira: mendi martxak, ibilaldiak, lasterketak edo bestelako jarduera fisikoak. Leok’k taldeak, ordea, beste osagai bat gehitu nahi dio dinamika horri: musika.

"Pentsatzen dugu mendi martxa edo halako ekimenen bat antolatuz gero osagarri izan daitekeela gure kontzertua, adibidez, martxaren bukaeran, eguna girotzeko", azaldu dute. Baina ideia ez da soilik kontzertu bat eskaintzea, egitasmo oso baten parte izatea baizik, kirola eta kultura uztartuz, elkartasunaren aldeko giro kolektiboa sortzeko.

Taldearen ustez, halako egitasmoek komunitatea batu dezakete, eta minbiziaren aurkako lanean ikusgarritasuna emateaz gain, arnasa eta babes emozionala ere eskaini dezakete. "Bide batez, gure asmoa bultzadatxo hori ematea da, elkarteari lagunduz", diote.

Egitasmoa hastapen fasean dago. Ez dute datarik lotuta, baina bai borondate argia. "Hasi berriak gar honetan, hitzartu berri dugu egitasmoa. Kontaktuak egiten eta apur bat antolatzen ari gara". Aurtengo egutegia dagoeneko itxita dutela azaldu dute, baina begirada datorren urtean eta etorkizunean jarrita dutela diote.

Konpromiso soziala

Leok’k-ek ez dio orain heldu elkartasunaren bideari. Taldeak berak irabazi asmorik gabeko izaera dauka, eta hori euren estatutuetan bertan jasota dute. "Izaera sozialeko testuinguruan gure herriko kulturari bultzada bat ematea" dute helburuetako bat. 

Urteotan, hainbat kausarekin elkarlanean aritu dira. Bereziki gogoan dute 2010ean hasi eta zenbait urtez Sahararen alde egindako lana. Urte batzuetan elkartasunezko kontzertuak eskaini zituzten Saemel Saharako emakumeen elkartearen alde, musika tresna sozial gisa erabiliz.

"Orduan ere gauza bera egitea pentsatu genuen", dio Lizasok. Baina oraingo honetan badago desberdintasun bat: kausa barrutik bizi izana. "Oraingoa ezberdina dela uste dugu, pertsonalki bizi izan dugun egoera bati lotuta dagoelako eta ongi baino hobeto dakigulako zer den halako gaitza izatea. Bereziki barrua ukitzen digun gaia da minbiziarena".

Horregatik, datozen kontzertuetatik lortutako etekin ekonomiko guztiak Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari emateko asmoa dute.

60 urteko ibilbidea

Elkartasun proiektu berria ez da taldearen erronka bakarra. Izan ere, Leok’k taldeak laster urteurren berezi bat ospatuko du: 60 urteko ibilbidea. 2028an beteko dute urteurrena, eta dagoeneko begirada data horretan jarrita dute.

"Orain geldiunean dago taldea", aitortu dute, baina geldialdi hori ez da pasibotasunaren sinonimo. Alde batetik, urteurrena prestatzen hasi dira; bestetik, minbiziaren aurkako elkartasun egitasmoa martxan jartzeko lanean ari dira.

"Biak uztartu nahi ditugu", diote. Hala ere, zuhurtziaz hitz egiten dute, proiektua hasi berria delako oraindik: "Ikusi egin behar dugu proiektuak zer moduzko harrera izaten duen".

Edonola ere, argi dago Leok’k taldearen asmoa ez dela soilik agertoki gainera igotzea, oholtzatik haratago iristea baizik, musikaren bidez minbiziaren aurkako borrokari ahotsa emanez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide