Raixta Egunarekin jarri dio ikasturteari ginga Zumaiako Emakumeen Etxeak

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 30a

Martxoaren 8ko plazan hogei artisau postu jarri dituzte, eta tailerrak eta barra zerbitzua ere izan dituzte bertan. Batukada feministak herrira zabaldu du festa. 

Ikasturteari amaiera emateko, aurten ere Raixta Eguna ospatu du Zumaiako emakumeen etxeak, eta gaur goiz-eguerdi partean askotariko postuak egon dira Martxoaren 8ko plazan, eta bizpahiru tailer ere egin dituzte han bertan goizean zehar. Gainera, 13:00 aldera batukada feministak herriko kaleak zeharkatu ditu, festa herrira barreiatuz erritmo indartsu eta biziekin batera. 

Hogeiren bat artisau elkartu dira emakumee etxe aurreko plazan. Belarritakoen postuak izan dira nagusi, baina bestelako produktuak ere jarri dituzte salgai: arropa, xaboiak, koadroak, zeramikazko objektuak, nezeserrak...

Sahararrei elkartasuna azaltzeko postua ere egon da: bertan, hainbat motatako opilak eta tea hartzeko aukera eman dute borondatearen truke, eta hennarekin eskuak margotzen ere aritu dira batzuk. 

Postuen inguruan, barra zerbitzua izan da, handik mugitu gabe jan-edanaz gozatzeko, eta sariak ere zozkatu dituzte boletoak erosi dituztenen artean.   

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide