Udaberria dantzari txiki egunen sasoia izaten da. Euskal Herriko herri askotan antolatzen dituzte haur dantzariak protagonista dituzten jaialdian, eta horietako batzutan aritu dira Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleak. Hala, Tolosako, Beasaingo eta Errenteriako jaialdietan izan dira Zumaiako haurrak dantzan.
Beste herrietan aritu eta gero, orain zumaiarrei dagokie herri bertako Dantzari Txiki Eguna antolatzea. Bihar egingo dute, igandean, ekainaren 7an, eta etxeko dantzariez gain, Errenteriako Herri Arte Eskola-Ereintza, Getariako Gure Txeruko eta Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldeko kideak arituko dira kalez kale, plazaz plaza, txokoz txoko dantzan.
Parte hartzaileak goizeko 11:00etan aterako dira kalejiran Komentutik. Zumaiaz kanpoko dantzariak Itzurun hondartzara joango dira, eta labarrak begira dituztela egingo dute dantzan; herrikoek, aldiz, Ardantzabiderako bidea hartuko dute eta han, Martxoaren 8a plazan, egingo dute eguneko lehen dantza saioa.
Denak ere 12:30ean elkartuko dira, eta Erribera kalean zehar kalejira eginda, Eusebio Gurrutxaga plazara joango dira. Han, 13:15ean egingo dute ikuskizuna. Egun eta ordu horretan eguraldi txarra egiten badu, ikuskizuna Sagarbideko estalpean egingo dute.
Behin ikuskizuna amaituta, eta bazkaldu ondoren, dantzaldia egingo dute plazan bertan, elektrotxaranga batek lagunduta.