Bere izena defendatu du Jon Maiak, erasoak egin dituen dantzariarekin egon daitekeen nahasmenaren aurrean

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 3a

Jon Maia, Itzurungo hondartzan. (Maialen Etxaniz)

Jon Maia Sein Kukaiko dantzariari lotutako sexu erasoen auziak sor ditzakeen nahasmenen aurrean, bere izena eta izana defendatzera agertu da Zumaiako kulturgilea. 

Jon Maia Sein Kukai dantza taldeko zuzendariarekin lotutako sexu erasoen auzia argitara eman zuten pasa den astean, eta Jon Maia Soria Zumaiako bertsolariak bere "izena eta izana" defendatu ditu Instagram sare sozialean, dantzariaren izen-abizen berberak izateak sor dezaken nahasmenduaren aurrean. "Ez dira egun errazak izaten ari. Ez neukan ezer esateko asmorik ez gogorik, baina egoerak behartuta, ezin izan diot eutsi", adierazi du.

Duela bi urte Kukai taldeko dantzariak sexu erasoak egin zizkietela salatu zuten Errenteriako (Gipuzkoa) hainbat emakumek, eta biktimek hala eskatuta, Oreretako Bilgune Feministak eta Asanblada Feministak konfidentzialtasunez landu dute auzia, harik eta pasa den astean albisteak egunkari nazionaletara salto egin zuen arte. Herri horretan bertan gertatutako beste kasu batekin nahastu da, gainera, Jon Maia Seinen auzia: Xenpelar bertso eskolako irakasle baten erasoak salatu zituzten Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo feministen asanbladak. 

Jon Maia Soriak elkartasuna adierazi die Errenteriako bi kasuetako biktima guztiei, eta aitortu du egun zailak izaten ari direla berarentzat, iradokiz jendeak dantzariak egindakoarekin lotu dezakeela. "Mimoz eta xehetasunez gutxi dakien informazioaren eta abiaduraren gizarte honetan, hizki batek edo izenen kointzidentzia batek une batean dena kolokan jar badezake ere, nire izena eraikitzen jarraituko dut, nire izana, nire ondare guztia", aldarrikatu du. Halaber, Zumaiako kulturgileak eskerrak eman dizkie egun hauetan babesa adierazi dioten lagun eta ezagun guztiei.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide