Kantauri plaza eta Gernika parkearen artean dagoen Gaztegunea ezagutzeko ate irekien saioak egingo dituzte ekainaren 22tik aurrera. Jardunaldi horiek 12 urte dituzten gaztetxoei (2014an jaioak) Gazteguneko espazioa ezagutzera ematea izango dute helburu, baita bertan antolatzen dituzten jardueren berri izatea edo zerbitzuko hezitzaileak ezagutzea.
Ekainaren 22tik 26ra egingo dire ate irekien saio horiek, goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Udalak argitu duenez, egun bakoitzean jarduera desberdinak egingo dituzte. Hala, honakoak dira egun bakoitzerako programatutako ekintzak:
- Ekainak 22, astelehena. Aurkezpena hiru txandatan: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan. Bakoitzak ahal duen txandan agertzeko aukera izango du. Bertan, hezitzaileak aurkezteaz gain, Gaztegunearen funtzionamendu orokorra azalduko da.
- Ekainak 23, asteartea. Topagune edo jolas librea. Espazioa eta zerbitzuan dauden material ezberdinak ezagutzeko tartea izango da.
- Ekainak 24, asteazkena. Garaiko jolasak.
- Ekainak 25, osteguna. Ur jolasak.
- Ekainak 26, ostirala. Kanposantuzka edo zelai errea.