Indamendi mendi bazkunak lau eguneko txangoa prestatu du ekainaren amaierarako. Herria San Pedro jaietan murgilduta dagoen bitartean, herritar alde bat mendiaz gozatzen egongo da.
Oraingo honetan ere Pirinioetara joango dira, konkretuki Erdialdeko Pirinioetan kokatuta dagoen Ariége departamentura. Okzitania eskualdean kokatzen da Ariège, eta bertan igaroko dituzten egunetan hiru mendate igoko dituzte.
Zumaiatik ekainaren 26an abiatuko dira, autobusez. 16:30ean aterako dira Zumaiatik, eta AP-8 autobideko Arroabeko ordainlekuan bidaiariak hartzeko aukera izango da, beti ere elkarteari aurrez esanda. Gaua Casau herrian igaroko dute.
Ekainaren 27an egingo dute lehen igoera. 2.881 metroko Maurbèrme mendia igoko dute lehen egun horretan. Ibilaldia Varradòsen hasiko dute, eta Montgarriko aterpean amaituko dute. Ibilaldiak guztira 18 kilometro, 1.100 metroko desnibel positibo eta 1.500 metroko desnibel negatibo ditu. Hala ere, B plana egongo da, alegia, 14 kilometro, 600 metroko desnibel positibo eta 1.000 metroko desnibel negatiboko ibilbidea.
Egun bat geroago, ekainaren 28an, 2.802 metroko Barlonguèra mendia igoko dute. Ibilaldia Montgarrin hasiko dute, eta Les Estagnous aterpean amaitu. Guztira 13 kilometro, 1.400 metroko desnibel positibo eta 800 metroko desnibel negatibo dira. Hemen ere B plana egongo dela adierazi dute: 12 kilometro, 1.200 metroko desnibel positibo eta 600 metroko desnibel negatiboko ibilbidea.
Azken egunean, ekainaren 29an, 2.839 metroko Mont Valier tontorra igoko dute. Aurreko bi egunetan bezala, hemen ere B plana izango dute: 8 kilometro, 0 metroko desnibel positibo eta 1.400 metroko desnibel negatiboko ibilbidea.
Izen ematea zabalik
Txango horretan parte hartzeko izen ematea zabaldu du dagoeneko Indamendik. Bazkide diren helduek 250 euro ordainduko dituzte, 300 euro bazkide ez diren helduek, eta 200 euro adin txikikoek. Diru sarrerak honako kontu korrontean egin beharko dira: ES27 3035 0037 44 0370007083 (Laboral Kutxa).
Indamendik gogoratu du ezinbestekoa izango dela mendian federatua egotea edo aseguru pribaturen bat izatea txangoan parte hartu ahal izateko.