Margolariek eta argazkilariek Zumaiako kaleak hartuko dituzte igandean

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 4a

Pertsona bat kalean margotzen, Zumaian.

Igande honetan izango dira kaleko pintura lehiaketa eta udaberriko argazki rallya. Zumaiako kaleak ahal bezain dotore harrapatzen saiatuko dira parte hartzaile guztiak, batzuk mihisean eta besteak argazki kamerarekin.

2026ko kaleko pintura lehiaketa eta udaberriko argazki rallya izango dira igande honetan, eta beraz, herriko txokoak argazki kameran edo mihisean harrapatzen saiatuko da hainbat lagun. Iaz lehendabizikoz egin bezala, egun berdinean egingo dituzte bi lehiaketak.

Igande goizean, Alondegiko Oxford aretotik abiatuko dira bi txapelketetako parte hartzaileak, eta Zumaiako kaleetan ariko dira argazkiak egiten nahiz margotzen. Eguerdian leku berean aurkeztu beharko dituzte beren lanak, 13:00etatik 14:00etara bitartean.

Argazki rallya

Udaberriko argazki rallyan parte hartzeko interesa dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, 9:00etatik 10:00etara bitartean, Oxforden. Parte hartzeko, nahikoa izango da kamera digitala eta memoria txartel propioa izatea. Txartelak leku berean deskargatu beharko dira 13:00etatik 14:00ak artean, eta horretarako, nahitaezkoa izango da txartelean 36 argazki izatea, JPG formatuan.

Horietatik bost aukeratu beharko dituzte parte hartzaileek (gehi kontroleko bat), eta ekainaren 14a baino lehen, mezu elektroniko bat bidali zumaia.udaberrikorallya@gmail.com helbidera, parte hartzailearen zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratutako argazkiaren artxiboaren izena adieraziz.

Distirako arduradunek aurrerago jakinaraziko dute sari banaketaren data.

Kaleko pintura lehiaketa

Argazki rallya bezala, kaleko pinturarena lehiaketa irekia izango da. Margolanak egiteko gai librea izango dute parte hartzaileek, baina antolatzaileek eskatu dute Zumaiarekin zuzeneko edo zeharkako lotura izan dezatela sorkuntzek.

Lanen euskarriak 9:00etatik 11:00ak artean zigilatuko dituzte Oxford aretoan, eta leku berean jasoko dituzte margolanak amaitutakoan, 13:00etatik 14:00etara artean, egilearen datuekin batera.

Parte hartzaileentzat luntxa eskainiko dute jarraian, eta epaimahaia bildu ondoren, 18:00etan egingo dute sari banaketa, Oxforden. Datorren astelehenetik ekainaren 14ra bitartean areto horretan erakutsiko dituzte aurkeztutako lan guztiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide