Herritarrek asteak zeramatzaten Eusebio Gurrutxaga plaza ondoan zabaldutako espazio berria erabiltzen, baina ofizialki atzo ireki zuten Erkibe Etxearen aurrean atondutako lorategi berria. Herritar batzuek ekitaldirako jarritako aulkietan jarraitu zuten saioa, beste batzuek zuhaitz handiek eskainitako gerizpean. Ez zen dantza saiorik falta izan, ezta mokadutxoa ekitaldiaren amaieran ere.
Atzoko ekitaldiaren helburua lorategia "herritarren eskura" jartzea zela azaldu zuen Iñaki Ostolaza alkateak. Iazko urte amaieran abiatutako lanek 328.930 euroko aurrekontua izan zuten, eta alkateak gogoratu zuenez, haren %83 Europar Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatu ahal izan dute. "Ondo inbertitutako" dirua dela ere esan zuen Ostolazak.
Nabarmendu nahi izan zuen Erkibeko jardina ez dela turismoari lotutako proiektu hutsa. "Lorategi hau, batez ere, zumaiarrentzat da: herritarrek gozatzeko, elkartzeko eta herriaz beste modu batean bizitzeko espazio berria", gaineratu zuen Ostolazak.
Argi Yeregi hirigintza zinegotziak, bere aldetik, lorategia testuinguru batean kokatu zuen. Bere esanetan, Erkiben egindakoa ez da "proiektu isolatu" bat; "herriko espazio publikoak berreskuratzeko estrategiaren barruan" kokatzen da, azaldu zuen, eta Komentuko lorategiaren irekiera, eta Mariantonen hastear diren lanak ere estrategia horren barruan sartu zituen.
Erkibeko lorategiko planteamenduak hiru helburu nagusi izan dituela ere adierazi zuen zinegotziak, hala nola, duela gutxi arte itxita egon den Erkibe ingurua herrian integratzea, topagune berde berri bat sortzea eta jasangarritasuna eta klima aintzat hartzea.
Eraikinaren etorkizuna
Lorategia zabaldu berri, Erkibeko etxea egurrezko hesi baten atzean geratu da, harekin zer egingo duten jakin zain. Haren etorkizuna erabakitzeko herri prozesua abian dela gogoratu zuten Ostolazak zein Yeregik. Azaldu zuten lehen saioak dagoeneko egin dituztela, herritarrekin zein merkatariekin; ekoizleekin, berriz, gaur egingo dutela ere esan zuten.
Horrekin batera, galdetegia betetzera –egurrezko hesian QR kodea duen kartela jarri dute– betetzera animatu zituzten, baita ideiak eta proposamenak egitera ere. Entzute fasearen lehen ondorioak "uda baino lehen" aterako direla aurreikusi zuten, eta behin uda sasoia amaitu eta gero, udazkenean helduko dietela berriro ere prozesuari.