Ekain Sagardoak enpresak 15 urte bete ditu sagardo ekologikoaren eta baserriaren inguruko ekoizpen jasangarriaren aldeko apustuan, Euskal Herriko sagardogintzaren tradizioari jarraipena emanez eta berrikuntzaren bidea jorratuz. Zestoako Irure Txiki baserrian du jatorria proiektuak, non Aitor Eizmendik 2011. urtean ekin zion Ekain markaren pean sagardo ekologikoa merkaturatzeari. Ordutik, familia-proiektu gisa garatu da, inguruko naturarekin eta baserriaren bizimoduarekin estu lotuta.
Ekainen filosofia argi zuen hasieratik Eizmendik: ekoizpen ekologikoa eta bertako sagarrek eskaintzen duten kalitatean oinarritutako lana. Gaur egun, baserriko sagastietan 30 sagar barietate inguru lantzen dituzte, eta zazpi hektarea inguru dituzte guztira, produktu guztien oinarri gisa. “Asko sinesten dugu produktuan eta denboran. Hau da, utzi egin behar zaio zuhaitzari eta produktuari: noiz bildu, noiz sartu… Sagarraren eta zuku bihurtzearen prozesua ere zaindu egiten dugu, sagarra bildu, birrindu, zukua atera eta egiten uzten dugu, hotzarekin jolastuz. Modu artisau batean egiten dugu lana”, azaldu du Iratxe Zelaiak.
Urte hauetan zehar, Ekain Sagardoak bere eskaintza zabaltzen joan da: sagardo ekologikoaz gain, sagar zukua eta sagar ozpina ere ekoizten ditu, betiere metodo natural eta ahalik eta esku-hartze txikienarekin eginda. Izan ere, naturazalea izan da Aitor Eizmendi markaren sortzailea, eta garbi izan du hasieratik bide garbia jarraituko nahi zuela: “Pestizidarik gabeko produktuak nahi nituen, eta beraz, esan dezaket ez nuela merkaturi begira egindako hautua egin, baizik eta neure buruaren nahia eta desioari jarraitu nion. Gaur egun, oraindik ere, ekologikoa asko sartzen ari bada ere merkatuan, barazkietan batik bat, sagardoan ez dago horren eskaerarik. Egungo sagardoa substantzia kimiko askorekin egiten dute, eta gizarteak, ezjakinean ziurrenik, onartu egiten du”.
Hori da, hain zuzen ere, Ekain sagardoak berezi egiten duena: prozesu eta produktu zaindua. “Bertako baliabideekin egiten dugu lana, etxeko sagarrarekin, eskuz bilduta, ondo zainduta eta aztertuta noiz bildu behar den, noiz dagoen helduta… Gainera, bildutako egun berean eraldaketa prozesuarekin hasten gara, zukua egiteko. Horrek bermatzen digu produktu fresko-freskoa izatea gurea. Gaur egungo merkatua gutxiago oinarritu beharko litzateke zaporean, eta gehiago prozesuan. Baina tira, bide berdinean jarraituko dugu, egiten dugunean eta nola egiten dugun horretan sinesten dugulako”.
Bisitak
Edariez gain, proiektu eta esperientzia borobila eskaintzen dute, izan ere, baserrira bisitak antolatzen dituzte: sagastiak eta prentsatua erakusten dituzte, eta ondoren, dastaketa egiten dute. “Ilusio handia egiten digu bisitariei gure berri emateak, gure sagarren lurrinak eta gure produktuen lanketa prozesuak partekatzea. Ingurune paregabean kokatutako Irure Txiki baserrian gure sagarrondoak eta beraiek zaintzeko moduak azaltzen dizkiogu bisitariari. dolarea eta bodega ere ezagutu ditzake eta sagardoa egiteko prozesua nola den ikasi”. Era berean, jatetxe-zerbitzua du, eta zerbitzu hori aurretiazko erreserba egin duten bezeroentzat bakarrik dago eskuragarri, 943-14 80 33 telefono zenbakira deituz. Jatetxeak, gainera, eskaintza zabala du: bertako produktuak, inguruko errezetak eta aukera beganoak eta begetarianoak, besteak beste.
Hamabost urteko ibilbidean, Ekain Sagardoak ekoizpen jasangarriaren, tokiko ekonomiaren sustapenaren eta naturarekiko errespetuaren aldeko apustua sendotu du, betiere bere sustraiei leial. Bide horretan, etorkizunera begira ere erronka berriak ditu jomugan: horietako bat udare-zukuaren ekoizpena da. “Iaz landatu genituen arbola batzuk, eta asmoa da aurten emango duten fruitua ikusi eta horrekin zukua egiten hastea”, azaldu du Zelaiak.
Urteurren berezi hau ospakizun handirik gabe, eguneroko lanean eta orain arte gidatu dituen balioei eutsiz ospatuko dute. Izan ere, haien helburua ez da aldatu: kalitatezko produktu zaindu eta garbiak eskaintzen jarraitzea. Eta etorkizunari begira ere, desio bera dute: gaurtik beste hamabost urtera ere, ilusio berarekin eta bide berari jarraitzea. “Hori da gure amets handiena”, diote.