Ekain Sagardoak enpresak 15 urte bete ditu sagardo ekologikoaren eta baserriaren inguruko ekoizpen jasangarriaren aldeko apustua eginez, Euskal Herriko sagardogintzaren tradizioari jarraipena emanez eta berrikuntzaren bidea jorratuz. Zestoako Irure Txiki baserrian du jatorria proiektuak: Aitor Eizmendik 2011. urtean ekin zion Ekain markaren pean sagardo ekologikoa merkaturatzeari. Ordutik, familia proiektu gisa garatu da, betiere naturarekin eta baserriaren bizimoduarekin estuki lotuta.
Ekainen filosofia zein izango zen argi zuen hasieratik Eizmendik: ekoizpen ekologikoa eta bertako sagarrek eskaintzen duten kalitatea izango zituen oinarri sagardoak. Gaur egun, baserriko sagastietan 30 sagar barietate inguru lantzen dituzte, eta zazpi hektarea dituzte guztira. "Asko sinesten dugu produktuan eta denboran. Hau da, utzi egin behar zaio zuhaitzari eta produktuari garatzen, eta horren arabera erabakitzen dugu noiz bildu, noiz sartu… Sagarraren eta zuku bihurtzearen prozesua ere zaindu egiten dugu. Modu artisau batean egiten dugu lana", azaldu du Iratxe Zelaia Ekain Sagardoaken ordezkariak.
Urte hauetan zehar, Ekain Sagardoak bere eskaintza zabaltzen joan da: sagardo ekologikoaz gain, sagar zukua eta sagar ozpina ere ekoizten ditu, betiere metodo naturalarekin eta ahalik eta esku hartze txikienarekin eginda. Izan ere, naturazalea da Aitor Eizmendi markaren sortzailea, eta garbi izan du hasieratik bide garbia jarraitu nahi zuela: "Pestizidarik gabeko produktuak nahi nituen, eta beraz, esan dezaket ez nuela merkatuari begira hartu erabakia, baizik eta neure buruaren nahiari eta desioari jarraitu nion. Gaur egun, produktu ekologikoak asko sartzen ari badira ere merkatuan, barazkietan batik bat, sagardoren kasuan, ez dago horrenbesteko eskaerarik. Egungo sagardoa substantzia kimiko askorekin egiten dute, eta gizarteak, ziurrenik ezjakintasunez, onartu egiten du”.
Hori da, hain zuzen ere, Ekain Sagardoak berezi egiten duena: prozesua eta produktua zaindu egiten dutela. "Bertako baliabideekin egiten dugu lana, etxeko sagarrarekin, eskuz bilduta, ondo zainduta eta aztertuta noiz bildu behar den, noiz dagoen helduta... Gainera, bildutako egun berean eraldaketa prozesuarekin hasten gara, zukua egiteko. Horrek bermatzen digu produktu fresko-freskoa izatea gurea. Gaur egungo merkatua gutxiago oinarritu beharko litzateke zaporean, eta gehiago prozesuan. Baina, tira, guk bide beretik jarraituko dugu, egiten dugun horretan sinesten dugulako".
Bisitak
Edariez gain, proiektua bertatik bertara ezagutzeko esperientzia borobila eskaintzen dute; izan ere, baserrira bisitak antolatzen dituzte: sagastiak eta prentsatua erakusten dituzte, eta ondoren, dastaketa egiten dute. "Ilusio handia egiten digu bisitariei gure berri emateak, gure sagarren lurrinak eta gure produktuen lanketa prozesuak partekatzeak. Ingurune paregabean kokatuta dago Irure Txiki baserria, eta bertan, gure sagarrondoak eta beraiek zaintzeko moduak azaltzen dizkiegu bisitariei. Dolarea eta upategia ere ezagutu ditzakete hona etortzen direnek, eta sagardoa egiteko prozesua nolakoa den ikasi ere bai". Era berean, jatetxe zerbitzua dute, baina zerbitzu hori aurretiazko erreserba egin duten bezeroentzat bakarrik dago eskuragarri; 943-14 80 33 telefono zenbakira deitu behar da horretarako. Jatetxeak, gainera, aukera zabala du: bertako produktuak, inguruko errezetak eta aukera beganoak eta begetarianoak eskaintzen ditu, besteak beste.

15 urteko ibilbidean, Ekain Sagardoak proiektuak ekoizpen jasangarriaren, tokiko ekonomiaren sustapenaren eta naturarekiko errespetuaren aldeko apustua sendotu du, betiere bere sustraiei leial mantenduta. Bide horretan, etorkizunera begira erronka berriak ditu jomugan: horietako bat udare zukuaren ekoizpena da. "Iaz landatu genituen arbola batzuk, eta asmoa da aurten emango duten fruitua ikusi eta horrekin zukua egiten hastea", azaldu du Zelaiak.
Urteurren berezi hau, ospakizun handirik gabe, baina eguneroko lanari eta orain arte zutabe izan dituzten balioei eutsiz ospatuko dute. Izan ere, haien helburua ez da aldatu: kalitatezko produktu zaindu eta garbiak eskaintzen jarraitzea nahi dute. Eta etorkizunari begira ere, desio bera dute: gaurtik beste hamabost urtera ere, ilusio berarekin eta bide berean jarraitzea. "Hori da gure amets handiena", diote.