Lekeitioko (Bizkaia) uretan lehiatu dira gaur Telmo Deuneko emakumezkoen zein gizonezkoen traineruak. Lekeitioko Ikurrina izan dute jokoan, eta banderarik poltsikoratu ez duten arren, lan txukuna egin dute Zumaiako arraunlariek. Emakumezkoei dagokienez, hirugarren sailkatu dira; gizonezkoek, berriz, zazpigarren amaitu dute estropada. Bi estropadetan Orio izan da txapelduna, hain zuzen ere.
Eguraldia ez da oso txukuna izan gaurko jardunaldian, eta txanda batetik bestera nabaritu egin dira haizearen aldaketak. Emakumezkoei dagokienez, bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte. Zehazki, 12 minutu eta 18 segundoan zeharkatu du helmuga Zumaiak, Orioren (11:58) eta Hibaikaren atzetik (12:12). Xanti Zabaleta Orioko entrenatzailearen taldea hasiera-hasieratik jarri da estropadako buru, eta ziaboga txukun burututa, nagusitasunez eta arazorik gabe lortu du irabaztea.
Tolosaldea izan da laugarren sailkatua gaurko estropadan (12:21), eta haren atzetik amaitu ditu lanak Zarautzek (13:09). Gainerakoei dagokienez, Kaiku sailkatu da seigarren (13:09,30), Hondarribia zazpigarren (13:18,13), Deustu zortzigarren (13:25,34), Isuntza bederatzigarren (13:29,55) eta Portugalete hamargarren (15:43,00).
Gizonezkoak zazpigarren
Gizonezkoen kasuan, lau luze eta hiru ziaboga burutu behar izan dituzte, eta Zumaia zazpigarren helmugaratu da. Emakumezkoen kasuan bezala, estropada honetan ere Orioko trainerua izan da azkarrena: 21:45,27ko denboran amaitu ditu lanak. Bigarren izan den San Juani bederatzi segundoko tartea atera dio (21:54,40).
Hirugarren zeharkatu du helmuga Zarautzek (21:56,00), eta laugarren eta bosgarren postuak Isuntzarentzat (21:58,51) eta Ondarroarentzat (22:08,78) izan dira, hurrenez hurren. Deustuk (22:28,00) egin du seigarren, eta zazpigarren izan da Zumaia (22:36,00).
Gainerakoan, honela geratu da sailkapena: Kaiku zortzigarren (22:40,00), Busturialdea bederatzigarren (23:05,25), Hondarribia hamargarren (23:06,19), Portugalete hamaikagarren (23:33,00), Hibaika hamabigarren 23:33,05), Arkote hamahirugarren (23:34,57), Deustu B hamalaugarren (24:21,93), eta Mutriku hamabosgarren (25:53,37).