Anfitrioi izatea tokatu zaie gaur Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleei. Izan ere, Dantzari Txiki Eguna ospatzen ari dira goizetik herriko kaleetan, eta etxekoekin batera ari dira egunaz gozatzen Errenteriako, Beasaingo eta Getariako dantzariak.
Dantzarako eguraldi bikaina lagun zutela, 11:00 aldera abiatu dute eguna, Komentutik. Kalejiran joan dira Itzurun hondartzara Zumaiaz kanpoko dantzariak; herrikoek, aldiz, Ardantzabiden egin dute geldialdia, Martxoaren 8a plazan. Jarraian, aurreikusi moduan, 12:30 aldera elkartu dira lau taldeak Erribera kalean, eta herritarren zein bisitarien babesean jarraitu dute kalejirarekin.
Eusebio Gurrutxaga plaza izan da goizeko azken geldialdia. Ikuskizun bateratua eskaini dute bertan lau herritako dantzariek, txistulari eta danbor joleen laguntzarekin. Jendetza batu da dantzarien eremua markatzen zuen baranden inguruan, ekitaldia bertatik bertara jarraitu eta argazki zein bideorik politenak egiteko. Bazkalostean, dantzaldia egingo dute plazan bertan, elektrotxaranga batek lagunduta.