Getarian jokatu dute gaur goiz-eguerdi partean Euskadiko Traineru Txapelketa. Orioko eta Getariako gizonen taldeek parte hartu dute, baita Zumaiako eta Badok 13 beteranoen traineruek ere.
Getariako kaleak talde guztietako zaletuz bete dira, eta hainbat eta hainbat ranpa ingurura ere gerturatu dira beraien taldeak animatzera. Eguraldia lagun, jardunaldi ederrari eman diote hasiera. Bikain egindako lan gogorraren ondoren, Orio eta Arraun Lagunak Euskadiko txapeldun bihurtu dira. Zumaiak amaiera arte borrokatu du, baina azken postuan helmugaratu da.
Gizonezkoetan, Orio nagusitu da hasiera hasieratik, 20:44,34ko denborarekin, eta bandera etxeratzea lortu du. Donostiarra 3 segundo eta 39 ehuneko geroago iritsi da, bigarrez postua eskuratuz. Ondoren, Hondarribia,(21:04,45), Getaria, Zierbena (21:06,46), Bermeo (21:12,00, Lekittarrak (22:28,00) eta Santurtzi (22:36,00) helmugaratu dira.
Beteranoei dagokienez, bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte, eta Badok 13 traineruak lasaitasun handiz irabazi du, 10 minutu 45 segundo eta 52 ehuneko denborarekin. Zumaiak, aldiz, ez du egun ona izan, eta azken lekuan helmugaratu da, Badok 13 baino 56 segundo eta 79 ehuneko beranduago. Getxok (10:58,44) eskuratu du bigarren postua, Mundakak (10:59,56) hirugarrena, Fortunak (11:07,57) laugarrena eta Illunbek (11:22,10) bosgarrena. Halaber, Iberiak (11:28,75) eta Plentziak (11:32,03) eskuratu dituzte seigarren eta zazpigarren postuak.
Emakumezkoetan, Arraun Lagunak garaile
Emakumezkoetan ez da eskualdeko talderik lehiatu. Gaurkoan bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte, eta helmugaratzen lehena Arraun Lagunak taldea izan da, 11 minutu 21 segundo eta 81 ehuneko denborarekin. Bigarren postua Tolosaldeak (11:31,11) eskuratu du, eta hirugarrena San Juanek (11:36,62). Helmuga zeharkatzen laugarrenak eta bosgarrenak Hondarribia (11:39,32) eta Kaiku (12:07,75) izan dira. Azkenik, seigarren Ondarroa (12:14,89) iritsi da, zazpigarren Deustu (12:15,56) eta zortzigarren Lekittarra (12:25,51).