Noiz eta zergatik hasi zineten aulki mugikorrean?
Rafa Orofino: Gaztetan, 1977. urte inguruan, Madrilen bizi nintzen, eta han hasi nintzen aulki mugikorrean. Unibertsitateko ikasketak egiten ari nintzen, eta garai hartan, kirola egitera behartzen gintuzten unibertsitatean. Futbola edota saskibaloia ez ditut inoiz gustuko izan, eta Espainiako Arraun Federaziora jo nuen orduan. Hala, aulki mugikorra praktikatzen hasi nintzen, Retiroko parkean. Gezurra dirudi, baina bi taldek zuten parke horretan egoitza, eta Madrilgo autonomia erkidegoan arrauneko bost talde zeuden denera, guztiak aulki mugikorrekoak.
Joxe Antonio Letamendia: Nire kasua guztiz desberdina da: gaztetan trainerilletan ibili banintzen ere, berandu hasi nintzen aulki mugikorrean. Zumaiako taberna batean hainbat jubilatu elkartzen ginen egunero kafea hartzeko, eta Rafa ni zirikatzen hasi zen. Egun batean, konbentzitu ninduen, eta arraun elkartera joan ginen aulki mugikorra probatzera. Hemen jarraitzen dugu zortzi urte geroago.
Zeintzuk dira modalitatearen berezitasunak?
J.A.L.: Aulki finkoarekin egiten den arraunketaren oso desberdina da; izan ere, izenak dioen bezala, aulkia mugitu egiten da. Hasieran ohitu egin behar izan nuen: arraun bat erabiltzetik bi erabiltzera pasatu behar izan nuen, ontzia bera oso estua da, eta uretatik altuera gutxira joaten da. Teknika menperatu beharra dago. Lehenbizikoz ergometroan jarri nintzenean, ez nituen hamar minutu ere iraun. Hura itolarria!
R.O.: Aulki finkoarekin alderatuz gero, oso desberdina da, baina trikimailua hartutakoan, ederra da.
Nolakoa da zuen errutina?
R.O.: Astean bizpahiru aldiz joaten gara aulki mugikorrarekin errioan gora, Oikiaraino. Guztira, hamar kilometro egiten ditugu.
J.A.L.: Uraren arabera ibili behar izaten dugu, itsaso edota ur mugituarekin ezin izaten baitugu ontzia uretara atera. Haize gehiegi bada ere ezinezkoa da entrenatzea, ontzia asko mugitzen baita.
R.O.: Berez posible bada, baina guretzat zaila da horrela ibiltzea, eta horrelakoetan ez gara uretara joaten.
Txapelketetan parte hartzen al duzue?
R.O.: Ez, baina ez dugulako nahi.
J.A.L.: Rafa saiatu izan da ni konbentzitzen, baina ez dut lehiatu nahi.
R.O.: Badira leku onak lehiaketetarako; Legutio [Araba], adibidez. Han bare-bare egoten da ura.
J.A.L.: Beti hobetzeko asmoa izaten du Rafak, eta badakit zer gertatuko litzatekeen txapelketetan parte hartzen hasiz gero: Espainiako txapelketetan lehiatuko ginateke. Eta gure kasuan, dugun adina kontuan izanda, paralinpiar kategorian lehiatu beharko genuke.
Lehiakorra da, beraz, Rafa.
J.A.L.: Ez dakit lehiakorra den, baina beti hobetzen joatea gustatzen zaio. Oso fina da.
R.O.: Nire ustez, oso polita da lehiatzea eta hobetzen ari zarela ohartzea.
Inoiz pentsatu al zenuten 70 urte baino gehiagorekin arraunean jarraituko zenutela?
R.O.: Zergatik ez? Izan ere, arrauna pozoia da.
J.A.L.: Horrela da, gustatzen zaionarentzat behintzat, arrauna pozoia da, eta zaila da uztea. Gure kasuan, gaixotasunak, ebakuntzak eta abar izan ditugu, baina arraunean jarraitzen dugu, eta txintxo-txinxo, gainera. Baina nik ez nuen uste horrela egongo nintzenik gaur egun.
Zer esaten dizuete ingurukoek?
R.O.: Nire kasuan, familiak badaki arrauna lehen postuan dagoela nire bizitzan. Urte askoan lehiatu naiz selekzioarekin Europan edota Australian zehar, beste hiru urte Bartzelonako Olinpiar Jokoak prestatzen eman nituen, eta, beraz, familiak badaki arrauna beste gauza guztien gainetik dagoela. Txantxetan esan ohi dudan bezala, kontratuan sartuta dago.
J.A.L.: Batzuek adarra jotzen digute, baina tira. Gainera, aulki mugikorra ez da Zumaian asko praktikatu den modalitate bat, eta horregatik, arraroagoa egiten zaie ingurukoei gu horretan ikustea.
Duzuen adina nabari al duzue arraunean ari zareten bitartean?
R.O.: Noski nabaritzen dugula, baina gakoa gure muga zein den jakitea da, eta hor mantentzea. Era berean, ordea, kirola egitea onuragarria izango da zuentzat.
J.A.L.: Duela egun batzuk, eguraldi txarra tarteko, uretara joan beharrean kiroldegira joan ginen, eta zera komentatu genuen gure artean: duela hamar urte baino hobeto sentitzen garela. Ez dugu entrenamendu gogorrik egiten, lasai aritzen gara baina aktibo mantentzen gara, eta horrek badu eragina.
R.O.: Kirola egitea ona da. Sufritu, sufritzen dugu, baina gustura egiten dugu.
Egunero ibilbide bera egiten duzuenez, ondo ezagutuko duzue ingurua, baina tokatu al zaizue bitxikeriarik?
R.O.: Sekula ez gara irauli, baina bestelako dena bizi izan dugu: talkak, zuhaitz artean amaitu genuen behin.
J.A.L.: Atzera begira joaten gara arraunean ari garen bitartean, eta ez dugu ikusten nondik nora goazen. Erribera hartu behar izaten dugu erreferentziatzat, baina beste noranzkoan ontziren bat badoa, ez gara elkar ikusten, eta halakoetan talka egin izan dugu. Edota ibai erdian enborra badago, ezin dugu ikusi.
R.O.: Saiatu izan gara ontziari atzerako ispiluak jartzen, baina uretara erori zaizkigu guztiak.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzue?
R.O.: Esaerak dioen bezala, gorputzak uzten duen arte. Ondo sentitzen garen bitartean, horretan jarraituko dugu.
