Jokin Telleriak irabazi du kaleko pintura lehiaketa

Intza Trula 2026ko ekainaren 8a

Atzo jokatu zuten sariketa, eta epaimahaiak Telleriaren lanari eman zion lehen saria: Inpernupeko kala pintatu zuen berak, Talaimendi azpitik begiratuta. Zumaiar onenaren saria Maria Isabel Aizpuruak eskuratu zuen. Lehiaketara aurkeztutako lanak Oxofrd aretoan egongo dira ikusgai, hilaren 14ra arte.

Pintzelak eta mihiseak hartuta atera ziren atzo goizean dozena bat lagun Oxford aretotik. Lanerako euskarriak zigilatu eta kaleko pintura lehiaketako parte hartzaile bakoitzak bere bidea hartu zuen herriko txoko baterantz, buruan zuten paisaia edota eraikina margotzea helburu. Hiruzpalau ordu izan zituzten piezarik ederrena sortzeko, eta eguerdian aurkeztu behar izan zuten azken emaitza, lehiaketa hasitako leku berean, Oxforden. Epaimahaiak horrela ebatzita, Jokin Telleriaren margolanak eskuratu zuen lehen saria; zumaiar onenaren saria, berriz, Maria Isabel Aizpuruak lortu zuen.

Inpernupeko kala irudikatu zuen Telleriak bere obran, eta Talaimendi azpitik begiratuta margotu zuen paisaia. 900 euroko saria jaso zuen berak, eta Aizpuruak, berriz, 300 euro jaso zituen. Udaletxearen atzealdea margotu zuen berak, Harategi kalestua eta haren alboko arkua, zehazki. Bigarren saria Josue Garciaren lanari eman zioten, flyschak irudikatzen dituen obragatik. Hirugarren postuan geratu zen Eneko Arruza, Balenciaga ontziolaren margolanari esker.

Gaztetxoek ere parte hartu ahal izan zuten sariketan, eta aurkeztu ziren guztietatik bi hautatu zituen epaimahaiak: txikien saria Enara Dublangek lortu zuen, eta gaztetxoena Aiora Arruzak. Pinturas Rubio dendako opariak jaso zituzten biek ala biek.

Rosa Ruizek, Mireia Lizundiak, Udane Juaristik, Valentin Manterolak, Josean Legorburuk, Francisco Hernandezek eta Marina Bidasorok osatu dute aurtengo epaimahaia. Sari banaketa ekitaldian aitortu zuten moduan, "lan zaila" izan dute aurtengoan, "maila altua" erakutsi baitute parte hartzaileek. 

Gaurtik hasi eta hilare 14ra bitartean Oxford aretoan erakutsiko dituzte lehiaketara aurkeztutako lan guztiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide