Jardunaldi bakarra falta da herri txapelketako lehen fasea amaitzeko

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 8a

Pasa den ostiralean jokatutako jardunaldiko irudia. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako esku pilota txapelketa herrikoiko lehen faseko azkenaurreko jardunaldia jokatu zuten pasa den ostiralean Odieta pilotalekuan. Hala, ligaxka amaitzeko jardunaldi bakarra falta zaie pilotariei. 

Pasa den ostiral arratsaldean jokatu zuten Odieta pilotalekuan herri txapelketako zazpigarren eta azkenaurreko jardunaldia. Hiru partida jokatu zituzten orotara, baina hala ere uste baino arratsalde luzeagoa izan zen pilotari zein zaletuentzat.

Lehen partidan, sailkapeneko azkenak eta liderrak neurtu ziren, Beristain-Larrañaga eta Etxabe-Beristain bikoteak, hain zuzen ere. Ligaxka amaitzeko jardunaldi baten faltan lehen postuan dauden Etxabek eta Beristainek ez zieten aurkariei aukerarik eman, eta 22 eta 7 emaitzarekin irabazi zuten. 

Bigarren partidan Fleitas-Lize eta Etxabe-Mañu bikoteak aritu ziren elkarren aurka. Ordu eta laurdeneko iraupena izan zuen partida izan zen. Berdinketa handiko lehia eskaini zuten bi bikoteek, eta azken unera arte ez zen erabaki nor suertatuko zen irabazlea. Azken txanpan, Etxabe eta Mañu oikiarrek hiru tanto jarraian egin zituzten, eta 18-19tik 18-22ra pasatu ziren, partida irabaziz. 

Hirugarren eta azken neurketan, Ellakuria-Buru eta Olaizola-Etxabe bikoteak aritu ziren lehian. Ellakuriak eta Buruk bazituzten sailkapeneko lehen lau bikoteen artean sartzeko aukerak, baina Olaizola-Etxabe bikoteak uste baino errazago lortu zuen garaipena 22 eta 11 emaitzarekin. 

Datorren ostiralean, ekainaren 12an, jokatuko dute herri txapelketako azken jardunaldia. Hiru partida jokatuko dituzte, 18:00etatik aurrera, eta han erabakiko dituzte bigarren eta laugarren arteko postuak nola geratuko diren. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide