Jazz doinuak entzuteko aukera izango da gaur arratsaldean Zumaiako Alde Zaharrean. Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasleek sortutako hiru taldeko kontzertu bana eskainiko dute Komentuko lorategian, 18:00etatik aurrera.
Gasteizko Big Band Txiki izango da jendaurrean agertzen lehena, eta Quincy Jonesen Soul Bossanova edo Herbie Hancocken Watermelon man bezalako abestiak joko dituzte. DeLoreans Quintet boskotearen txanda izango da jarraian, eta joko dituzten abestien artean Roy Hargroven Strasbourg/ST. Denis edo Saderen War of the hearts izango dira. Amaitzeko, Combo C taldea izango da lanean, John Mayerren Gravity edo Clifford Brownen Sandu bezalako abestiak joaz.