Lehena eta bigarren izan dira Zumaiako xake jokalariak Billabonako txapelketan

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 8a

Oier Sarasketa, Pasaian jokatutako txapelketako sari banaketan. (Utzitakoa)

XIII. Behar Zana xake txapelketa jokatu zuten atzo Billabonan, eta Oier Sarasketa irabazlea izan zen eta Xabier Aranzabal bigarren, puntu berdinekin. Aurreko asteburuan Pasaian jokatutako nazioarteko openean ere maila onean aritu ziren Kbi klubeko kideak. 

Liga pasa den martxoan amaitu zuten, eta ordutik Euskal Herri mailan –euskal mugetatik kanpo ere bai– antolatutako xake txapelketetan parte hartzen ari dira Kbi xake klubeko kideak, baita emaitza onak lortzen ere. 

Horren adibide dira atzo Billabonan (Gipuzkoa) jokatutako XIII. Behar Zana xake txapelketan lortutako emaitzak. 11 txanda jokatu zituzten, eta sailkapeneko buruan amaitu zuten Oier Sarasketak eta Xabier Aranzabalek, biek ere 9,5 punturekin. Txapelketa berean, Aimar Alvarez hamargarren sailkatu zen, Julio Andrade 25. eta Andoni Palawo 26.

Aurreko asteburuan, berriz, Pasaian izan ziren Zumaiako xake jokalariak, Pasaiako I. Nazioarteko Xake Openean parte hartzen. Maiatzaren 29an, 30ean eta 31n jokatu zituzten partidak, eta Oier Sarasketak hirugarren postuan amaitu zuen, lehen biekin 6 puntotara berdinduta. Pasaiako hitzorduan Juan David Becerra bosgarren izan zen, eta Xabier Aranzabal hamabosgarren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide