Helburuak betez, bizirik dirau lorpenak pilatzeko nahiak

Aiora Arriola 2026ko uztailaren 6a

Entrenatu, ikasi edo lan egin, atseden hartu… eta berriro hasi. Arraunlari askorentzat hori da beraien egunerokoa. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko hiru gazterekin elkartu da Guka, eta horiek beren errealitatea zein den azaldu dute. Bada hirurek partekatzen duten beste zerbait ere: arraunarekiko konpromisoa.

Arrauna ez da uretako jardunarekin bukatzen; konpromisoa, diziplina eta antolakuntza ere eskatzen ditu. Entrenamendu saio luzeek eta estropadek denbora asko eta esfortzu handia eskatzen dute, eta horrek, askotan, zaildu egiten du kirola ikasketekin, lanarekin eta aisialdiarekin uztartzea. Hala ere, arraunlari askok talde giroan, helburu pertsonaletan nahiz eguneroko erronkei aurre egiteko gaitasunean aurkitzen dute kirol horretan jarraitzeko motibazioa.

Zumaiako elkarteko arraunlarien bizipenek erakusten dute arraunak esfortzu handia egitea eskatzen duela, baina baita trukean ordain handiak eman ere. Ikasketak edo lana entrenamenduekin uztartu behar dituzten arren, arraunak antolakuntzan sakontzen, konpromisoa areagotzen eta taldearekiko lotura sendotzen laguntzen die. Nekea eta presioa egunerokoaren parte diren arren, ilusioak eta taldekideen artean duten giro onak arraunean jarraitzeko indarra ematen diete.

Azaldutako egoera hori ondo ezagutzen du Amane Jimenezek (Azpeitia, 2004), ikasketak eta arrauna uztartzen dituen arraunlariak. Jimenezi arraunak asko laguntzen dio akademikoki, denbora asko eskaintzen dion arren: "Gelditzen zaizun denbora librea ondo kudeatzen ikasten duzu, bai ikasketetarako, bai beste zerbait egiteko". Irakasle ikasketen azken urtea amaitzen ari da, eta urteotan arrauna eta ikasketak uztartzea erraza egin zaiola aitortu du. Dena den, ondo daki errutina horrek askori presioa eragiten diela. "Taldeko kide batzuei niri baino gehiago kostatzen zaie bi arloak uztartzea. Horregatik, uste dut jendeak izugarrizko meritua duela biak bateratzen dituelako".

Astean sei aldiz entrenatzen dute Zumaiako emakumeen traineruko kideek. Neguko entrenamenduak gehienbat arlo fisikoari lotutakoak izaten dira, eta udan uretan jarduten dute: "Orain astean lau egunez joaten gara uretara, eta laster bost aldiz joango gara. Gainerako egunetan arlo fisikoa lantzen dugu, eta astean egun bat izaten dugu atseden hartzeko". Udan uretan aritzen diren asteko sei egunetatik bitan estropadak izaten dituzte.

Jimenezentzat urte osoan zehar egiten dituzten entrenamendu guztietatik badira batzuk besteak baino gogorragoak: "Neguko entrenamenduak dira konplikatuenak, oso luzeak izaten direlako, eta askotan, uretara joaten garenean, eguraldiak ez duelako laguntzen", dio. Hala ere, ez du aitzakiarik entrenamenduei huts egiteko: "Konpromisoa hartua daukagu taldekoekin, eta bete egin behar dugu derrigor".

Bi lanaldi egun berean

Garazi Eizagirreren (Arroabea, 2002) kasuan, erronka bestelakoa da. Lanean ari da, eta ogibidea eta arrauna uztartu ahal izateko, egunak oso antolatuta dauzka. Zatikatutako ordutegian lan egiten du, eta tarte libreetan joaten da entrenatzera. "Okerrena astelehen eta astearte eguerdietan entrenatzea da, bazkaldu gabe joaten bainaiz. Gero, lauretan bazkaldu behar izaten dut, eta jarraian klaseak ematera joan", esan du.

Horrez gain, klaseak prestatu ere egin behar izaten ditu, baina aste barruan horretarako denborarik ez duenez, asteburuetan aritzen da horretan: "Larunbatak horretarako baliatzen ditut, eta batzuetan, ezin izaten dut kuadrillakoekin gelditu. Oso nekatuta amaitzen dut astea, gainera", dio.

Eizagirrek kontatu du arrauna uztera ere iritsi zela: "Arraunean ibili ez nintzen bi urteak ondo etorri zitzaizkidan arraunik gabe bizi naitekeela jabetzeko. Oso garrantzitsua da emozionalki nola sentitzen zaren jakitea, arrauna asko exijitzen duen kirola baita, eta hori kudeatzea oso gogorra da".

Hala ere, Jimenezek eta Eizagirrek arraunean jarraitzeko "arrazoi ugari" dituzte. Zumaian aritzen dira biak, eta aitortu dute ikaragarrizko giroa daukatela taldean eta entrenatzeko garaian hori asko igartzen dela. Helburuak jartzea eta betetzea "oso polita" iruditzen zaie, eta horrek lorpen gehiago poltsikoratu nahi izatea eragiten die.

Goizez edo arratsaldez

Imanol Etxanizek (Azpeitia, 2000) ere lana eta arrauna uztartzen ditu, baina haren kasuan, egoera desberdina da, txandaka egiten baitu lan: "Goizeko txandan ari naizenean, arratsaldez entrenatzen dut taldekideekin batera, bestela bakarka entrenatzea tokatzen zait", adierazi du. Bakarrik ez zaio hain erraza egiten errutinari eustea, "askoz ere gogorragoa" dela dio, eta lehorreko entrenamenduak "fisikoki eta mentalki oso gogorrak" direla nabarmendu du.

Zumaiako gizonen traineruko arraunlariek ere sei aldiz entrenatzen dute astean, eta ez dute aisialdirako denbora asko izaten. Askotan "lagunei uko egin behar" izaten die Etxanizek, eta ezin du nahi duenean haiekin poteatzera joan, "pisua ere kontrolpean" izan behar baitu.

Duela hamalau urte hasi zen Etxaniz arraunean, eta ordutik, kirol hori bere bizimoduaren parte dela azpimarratu du: "Urtero esaten dut utzi egingo dudala, aurtengoa azkena izango dela, baina beti sortzen zait ilusio berriren bat. Denboraldia oso erreta amaitzen dudan arren, azaroa iristen denean berriz gogoa sartzen zait, eta beste aukera bat ematen diot".

Etxanizentzat errazagoa da udan errutinari eustea, eguraldiagatik eta estropadaz estropada helburuak betetzean joaten direlako. "Asteburuko emaitzek ilusioa pizten dizute hurrengo estropada hobeto edo berdin egiteko". Gainera, taldekideen arteko harremana oso garrantzitsua dela nabarmendu du, eta berak horretan zorte handia duela: "Gure artean oso giro ona daukagu, egun erdia batera igarotzen dugu eta lagunarte oso polita sortu dugu", adierazi du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide