Hasiak dituzte jada Inpernupe elkartearen 40. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekintzak. Pasa den ostegunean izan zuten lehen hitzordua, Maddi Altunak emandako hitzaldiarekin, eta egun bat geroago, ostiralean, mus txapelketa jokatu zuten elkartean bertan. Datorren asteburura begira, kirolari eta, berriro, karta jokoei egingo diete tartea.
Hala, datorren larunbatean, goizean, hondartza futbol partidak jokatuko dituzte Santiagon. Zazpi lagunez osatutako taldeak izango dira, eta ezinbestekoa izango da talde mistoak izatea. Ordutegia izena emango duten talde kopuruaren arabera zehaztuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Izenak Inpernupe tabernan emango dituzte edo Instagrameko @inpernue.elkartea kontuan. Taldeko 20 euro ordainduko dira.
Zapatuan bertan, bazkalondoren, poker txapelketa jokatuko dute Inpernupe elkartean. 15:30ean ekingo diote partidei. Parte hartzeko, pertsonako 10 euro ordainduko dira.