Arraun denboraldi berriko traineruak eta eskifaiak aurkeztuko ditu etzi Telmo Deunek

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 11

Iazko aurkezpeneko irudia. (Mireia Galarza Bastida)

Aurkezpen ekitaldia larunbat eguerdian egingo dute, 12:30etik aurrera, Saregile plazan. 

Batel eta trainerilla denboraldiak amaituta, traineruen txanda iristear da. Udaberritik hona traineru jaitsiera batzuk jokatu dituzte, baita Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere –asteburu honetan bertan izango da Espainiako txapelketa jokoan–. Datorren asteburuan ekingo diote traineru ligari KAE-1ean arituko diren gizonek, Astilleron (Kantabria, Espainia) eta Pasaian jokatuko duten hitzordu bikoitzarekin. Lehen mailako ligak, aldiz, Eusko Label eta Euskotren ligak, alegia, astebete beranduago hasiko dira, Madrilen (Espainia).

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak bi ontzi uretaratuko ditu aurten ere. Emakumeak Euskotren ligan izango dira lehian, eta gizonak KAE-1 ligan. Denboraldian Zumaiako kolore gorria eramango duten traineru eta eskifaiak aurkezteko ekitaldia prestatu du arraun elkarteak. Etzi egingo dute aurkezpena, 12:30etik aurrera, Saregile plazan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide