Euskadiko Erlojupeko Txapelketak irabazi dituzte Maite Urteagak eta Aitor Agirrek

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 10a

Maite Urteaga, erdian, Aizarnazabalgo podiumean. (Ane Olaizola)

[EGUNERATUTA] Erlojupeko txirrindularitza probak jokatu dituzte beste urte batez Aizarnazabalen, baina aurten, Gipuzkoakoak ez ezik, Euskadiko txapelak ere izan dira jokoan. Maite Urteagak 23 urtez azpiko txapelketa irabazi zuen, eta Aitor Agirrek elite kategoriakoa.

Erlojupeko txirrindularitza probek hartu zuten beste behin Aizarnazabal eta bere ingurua atzo arratsaldean, besteak beste Joxe Larrarteren zein Gervaisen oroimenezko lasterketak jokatzeko. Ordea, Gipuzkoakoa ez ezik, Euskadiko txapelketa ere hartu du aurten Aizarnazabalek, eta kategoria desberdinetan banatuta, guztira 50 txirrindulari lehiatu dira lasterketan.

Emakumeen 23 urtez azpiko eta elite mailetan, bost txirrindulari lehiatu ziren, eta gainontzeko guztietan bezala, minutu bateko aldearekin abiatu ziren horiek bata bestearen atzetik. Maite Urteaga zumaiarrak iazko denbora zertxobait hobetu eta 20.25.49 denborarekin osatu zuen, Aizarnazabal, Muniosoro, Bedua eta Zumaia artean, 14 kilometro eta erdiko ibilbidea. Ayala Serrano bigarren sailkatu zen Euskadikoan zein Gipuzkoakoan, kronometroa 21.11.99 denboran geratuta, eta hirugarren, berriz, Naya Mangas, 22.19.51 denbora eginda; hark ere Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketan erdietsi zuen hirugarren postua. 

Aitor Agirre, Elite kategoriako txapelduna. (Smarlog Nest)

Maila horietako gizonen proba, bestalde, Gervaisen oroimenezkoa izan zen, eta kasu horretan, Aizarnazabalen hasi eta Iraeta aldera jo zuten han lehiatu ziren hemezortzi txirrindulariek, 21 kilometroko proba eginez. Bizkorrena Ander Otegi 23 urtez azpiko txirrindularia izan zen 25:55.78 denborarekin eta bigarren izan zen Aitor Agirre zumaiarra, 13 segundora. Hirugarren Aimar Alarcia (26.22.59) sailkatu zen.

Agirre, baina azkarrena izan zen elite kategorian, eta berak jantzi zituen kategoria horretako Gipuzkoako zein Euskadiko txapeldun maillotak.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide