Iaz egin bezala, Zarauzko Murkil eta Zumaiako Gertari dendari elkarteek proposamen bateratua plazaratu dute herri horietako tokiko merkataritza sustatu eta indartzeko asmoz. Abian jarritako kanpainaren bidez, bezeroak saritu eta tokiko komertzioan jarritako konfiantza eskertu nahi dute bi merkataritza elkarteek.
Jokatu tokiko izena jarri diote kanpaina berri honi. Ekainaren 20ra bitartean, elkarte horietako kide diren dendatan erosketaren bat egiten duten bezeroek txartel bana ireki eta karta-sorta pertsonalizatuak irabazi ahal izango dituzte. Karta horiek lelo bat daramate, tokiko merkataritzan kontsumitzera animatuz.
Sarituak izan ez diren txartelek kanpaina amaieran egingo duten zozketa batean hartuko dute parte. Saria lau lagunentzako afaria izango da.
Bide batez, elkarteetara batu ez diren negozioak animatu nahi dituzte "haiengana etor daitezen, egiten dituzten jardueren eta ekintzen berri izan dezaten eta horietan parte hartzeko".