Bi film ikusteko aukera izango da asteburu honetan ere Aita Mari aretoan: helduentzat eta haurrentzat film bana programatu dute, azken hori, gainera, euskarazko saioan. Sarrerak aurrez erosteko aukera izango da sarrerakzumaia.eus webgunean.
Gaurtik astelehenera bitartean Corredora filma emango dute. Laura Garcia Alonso zinemagilearen debuteko filma da, eta Alba Saez eta Marina Salas ditu aktore artean. Saioak 19:30ean izango dira, Aita Mari aretoan.
Cris eliteko korrikalaria da eta agerraldi psikotiko bat eduki duenean, goi-mailako lehiaketa alde batera utzi beharko du. Inguruko inork ez du jakingo nola lagundu, baina Natalia, ahizpa, bere babeslekua izango da bere egoera onartzeko eta bere bizi-erritmoa birdefinitzeko.
Igandean, berriz, animazioko film bat programatu dute haurrentzat. Fleak du izena eta euskarazko bertsioan emango dute, 17:00etatik aurrera.