Lanperna-musuak arraroak dira gurean, Atlantikoko iparraldean bizi eta umatzen baitira, baina neguan gure kostaldetik gertu pasa daitezke, hegoalderantz etortzen direlako. Oso zaila da metro gutxitara ikustea, eta are zailagoa gure hondartzetan behatzea. Ur hotzetako hegazti pelagiko honek neguak itsasoan igarotzen ditu eta ez du lurra zapaltzen udaberrira arte. Iparraldeko uharte eta itsas labarretan umatzen da orduan, eta berriro itsasora bueltatzen. Aurtengo negua oso gogorra izan da, eta zoritxarrez, hegazti hauek hilik azaldu dira gure kostaldean. Ekaitzak oso jarraian izan direnez, elikatzea ia ezinezkoa egin zaie eta pixkanaka ahultzen joan dira, iparreko eta mendebaldeko haizeek eta korronteek gure kostara ekarri dituzten arte. Gehienak hilik iritsi dira, eta bizirik harrapatu dituztenen artean oso gutxik biziraun dute.
Izugarri polita da lanperna-musua. Bizkarra, lepoa eta buruaren atzealdea beltzak ditu, sabela zuria eta aurpegia gris argia. Hankak, berriz, laranjak. Mokoa da bere ezaugarri bereziena, triangelu formakoa, laranja, gorria eta horia, beltza masailetatik gertu, hau dena bere adina adierazten duten marraz josita. Umaketa garaian kolore guztiak askoz biziagoak izaten ditu. Ar eta emeen artean ez dago desberdintasun handirik. Hegan ederki moldatzen da, baita ur azpian ere; normalean 15 metroko sakonera inguruan ibili ohi da, baina 60 metrora ere murgil daiteke arrainak harrapatzeko. Emeak arrautza bakarra jartzen du, eta kumeak jaio eta elikatu bezain agudo, itsasora abiatzen dira. Horiek, gutxienez, 2 urtetik 5 urtera arte itxaron dezakete uretan lurra ukitu gabe.
Argazkiak otsailean Getarian eginak dira. Beste izen batzuekin ere ezagutzen da: elantxobetar, karkulu, papalaio, zabal-musu...
Luzera eta hego zabalera: 26-29 zentimetro eta 47-63 zentimetro.