Larunbateko Zarauzko Triatloiak eragina izango du Zumaiako errepideetan

Intza Trula 2026ko ekainaren 11

Txirrindulariak San Blaseko aldapan gora, iazko Zarauzko Triatloian. (Aritz Mutiozabal)

14:00etatik 18:30 ingurura arte baldintzatuko du trafikoa kirol hitzorduak. Esaterako, Zumaiatik Zarautzera autoz joateko AP-8 autobidea erabili beharko da; aldiz, zabalik egongo da kostako bidea, baina Zarauztik Zumaiarako noranzkoan bakarrik.

Zarauzko kirol hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatuko dute larunbat honetan: Zarauzko Triatloia. 800 kirolari inguruk parte hartuko dute hitzorduan, eta probak eragina izango du bertako zein inguruko herrietako trafikoan, tartean, Zumaiakoan. Zehazki, 14:00etatik 18:30 aldera iraungo du triatloiak, eta denbora tarte horretan hainbat bide itxita egongo dira autoentzat.

Alde batetik, Zumaiatik Zarautzera joan nahi dutenek AP-8 autobidea erabili beharko dute. Izan ere, txirrindularitzako zatia kostako errepidetik igaroko da, eta, beraz, Zumaiatik Zarautzerako erreia itxita egongo da autoentzat. Zumaiara sartzeko, kontrara, kostako bidea erabili ahal izango da, zabalik egongo baita noranzko horretan doan erreia. Autobidea erabiltzen dutenek ez dute bidesaria ordaindu beharko egun horretan.

Halaber, Zumaiako estazio aldera joateko ere izango da aldaketarik larunbatean: hain justu, zabalik egongo den bide bakarra Aitzuri pilotalekuaren ondoko saihesbidea izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide