'700' eta 'Marketan' film laburren emanaldia izango da gaur Oxforden

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 12a

Malen Trenado eta Oier Romatet, erdian, iaz emandako laguntzen inguruan egindako ekitaldian. (Zumaiako Udala)

Gazteek sortutako proiektuak bultzatzea helburu duen udalaren laguntza jaso zuten bi film horien sortzaileek. Emanaldia 19:00etan izango da Oxford aretoan. 

Herriko gazteek sortutako bi film labur ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan. 19:00etan hasita, Araitz Garate eta Oier Romateten 700 eta Malen Trenado, Iñaki Agirrezabalaga eta Ander Beizamaren Marketan lanak erakutsiko dituzte. Film labur horien sortzaileek Zumaiako Udalak gazteek sortutako proiektuak bultzatzeko ematen dituen laguntzak jaso zituzten iaz. 

Olagarroaren arrantzari eta haren bueltan sortutako kultura du hizpide Marketan dokumentalak. 16 milimetroko formatu analogikoan egina, Alejo Aizpurua eta Maite Aizpurua aita-alabak ditu protagonista, eta herriko paisaia, gastronomia eta belaunaldien arteko transmisioa uztartzen ditu.

Etorkizun distopiko kokatzen den 700 fikziozko film laburra da. Komunitate batek arau zorrotzak ezarri beharko ditu baliabide eskasia dagoen gizarte batean, biziraun nahi badu. Haur batek hamar urte betetzeak beste bizitza baten sakrifizioa dakar, eta horren bidez familia, moral eta giza-konbentzioen inguruko hausnarketa egiten du filmak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide